Ahozkotasunak eragiten dituen emozioak langai

Tolosaldeko Ataria 2015ko eka. 9a, 10:33

Villabonako Subijana etxean uztailaren 1ean, 2an eta 3an izango dira saioak.


2010ean ahozkotasuna izan zuten hizpide Ahoa Bete Hots jardunaldietan. 2011tik idatzizkotik ahozkora salto egin zuten. 2012an, euskalki eta batuaren arteko talkak aztertu zituzten; 2013an ahozkotasuna lantzeko jolasak aipatu eta iaz, transmisioa izan zuten aztergai jardunaldietan.

Aurten, uztailaren 1ean, 2an eta 3an izango dira saioak Villabonako Subijana etxean. Bertako euskara eta kultura zinegotzi Nora Urbizuren esanetan, «antzerkian, kantuan edo bertsotan ezinbesteko osagaia da umorea, baina pozaz gain, haserrea, tristura eta beldurra ere presente ditugu ahozko kultur sorkuntzan». Aurten, beraz, emozioak izango dituzte hizpide Ahoa Bete Hots jardunaldietan.

Aurkezpen ekitaldian izan zen Eñaut Gantxegi Antzerkizale Elkarteko kidea. «Uztailaren 3ko saioan teoriatik praktikara pasako gara eta nire asmoa da gure emozioak askatzea . Badakigu beti euskaldunak poker aurpegiarekin agertzen garela emozioez hitz egiterakoan».
Ondo sustraitutako ekimena da hainbat elkartek elkarrekin antolatzen dutena. «Ahoa Bete Hots ahozko kultur jarduna eta sorkuntza aztertzeko, diziplina ezberdinetan aritzen diren adituentzako espazio interesgarria da» esan zuen aurkezpen ektialdian  Urbizuk.

Izen ematea ekainaren 22ra arte

Matrikulazioaren prezioa 70 eurokoa da. Aiztondo Mankomunitateko herrietako biztanleek, ikasle, langabetu eta erretiratuek eta antzerkizale, kantuzale, ipuin kontalari eta Bertsozale Elkarteetako bazkideek 50 euro ordaindu beharko dituzte.

Ahoa Bete Hots jardunaldien inguruko xehetasunak, www.mintzola.eus helbidean topatu daitezke eta bestela, 943 69 38 70 telefono zenbakian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!