Doktorego-tesi bat eta ikerketa lanak egiteko deia

Tolosaldeko Ataria 2015ko eka. 9a, 10:37

Bi deialdietan eskaera aurkezteko epea zabalik da irailaren 11ra bitarte

Mintzola Fundazioak, Mikel Laboa Katedrak eta EHUko Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzek, bertsolaritzari buruzko doktorego-tesi bat egitea helburu duen kontratua esleituko dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria eta Mintzola fundazioko patronatuko kide, Zigor Etxaburuaren ustez, «fundazioaren egiteko nagusia, bertsolaritzaren ikerketan eragitea da. Ikerkelariek oinarri sendo bat izan dezaten sortu zuen Bertsozale Elkarteak Xenpelar Dokumentazio Zentroa. Ikerlariek dokumentuak eskura izateaz gainera, fundazioaren egitekoa aholkularitza ematea da». Euskara zuzendariak nabarmendu bezala, «langintza horretarako unibertsitateak bide lagun ditugu».

Hain zuzen, aurkezpen ekitaldian Isabel Elorza, EHUko Gipuzkoako Campuseko Euskara Zuzendariak esan zuenez, «Mikel Laboa katedrarekin eta Mintzolarekin elkarlanean aritzea estrategikoa da guretzat. Izan ere, Mintzola gizartetik sortutako erakundea da eta Mikel Laboa katedra, akademiatik sortu da euskara eta euskal kulturgintzako eragileen eta unibertsitatearen arteko zubilana egiteko».

2011 eta 2012 urteen artean Bertsolaritzaren Ikerketa Plan Estrategikoan lehenetsitako iker-lerroak kontuan izango ditu epaimahaiak kontratua esleitzerako orduan, «nahiz eta doktoregaiak hautatuko duen zein ikuspegitik aztertu nahi duen bertsolaritza».

Bertsolaritzari buruzko doktorego tesia egiteko lehenengo kontratua 2013an esleitu zuen Mintzola fundazioak eta Miren Artetxek eraman zuen.

Hiru proiektu sari
Mikel Laboa katedrarekin batera, 2014an ikerketa lan monografikoak egiteko hiru deialdi ere esleitu zituen Mintzolak. Aurten, bide horretan sakonduz, 2.000 euroko hiru diru laguntza emango dira.

Juan Kruz Igerabide, Mikel Laboa katedrako zuzendariaren esanetan, «master amaierako lanak lehenesten ditugu baina ikerketa lan monografikoak ere onartuko dira».

Hiru urte dira Mikel Laboa katedra eta Mintzola elkarrekin lanean hasi zirela eta egindako bidearekin pozik dago zuzendaria: «ikertzaile bat ez da egunetik gauera tesi bat egitera hurbiltzen. Lagin bat, giro bat sortu behar da horretarako eta lan laburragoek izugarrizko aukera ematen dute lan lerroak zehazten joateko».

Eskaerak irailaren 11ra arte aurkeztu ahal izango dira eta saritutako proiektua gauzateko ikertzaileek urtebeteko epea izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!