«Ikusi dudana kontatzen dut»

Jon Miranda 2015ko urr. 6a, 08:00

Mozanbikeri buruzko Kapulana bat zintzilik izeneko emanaldia izango da gaur, 18:00etan, Villabonako Subijana etxean. Miren Amuriza (Berriz, 1990) bertsolariak gidatuko du saioa.

Nondik nora dator emanaldi hau?
Mundukide fundazioa Arrasaten dago eta GKE bezala egiten du lan Brasilen, Kuban eta Mozanbiken. 15. urteurrena dela eta argazki erakusketa prestatu dute, baina erakusketa laguntzeko emanaldi berezi bat prestatu nahi zuten. Bertsozale elkartearengana jo zuten elkarlan bila eta niri hots egin zidaten proposamena eginez. Horrela izan nuen aukera Mozanbikera bidaiatzeko.

Eta zer topatu zenuen bertan?
Uztailaren bukaeran joan nintzen eta iraila hasieran etorri. Hemendik ideia batzuk eta zer egin nezakeen pentsatuta eraman nuen baina hango errealitatearekin topo egin nuenean konturatu nintzen aurretik pentsatutakoak ez zuela ez hanka ez bururik. Beraz, gidoi berri bat eraiki nuen eta emanaldi honetan ikusitakoa ahalik eta xeheenen kontatzen saiatu naiz, gero jendeak bere ondorioak atera ditzan.

Han topatu duzun errealitatea deskribatzeko zein euskarri erabiliko dituzu?
Gogoeta batzuk bertsoz egingo ditut, beste batzuk testu forman edo ipuin bezala. Gainera, Eider Eibarrek emanaldia laguntzeko ilustrazioak egin ditu eta proiekzio hori eskainiko dugu ikuskizunean. Hausnarketa txikiz eta galdera handiz jositako proposamena da gaur eskainiko dugun emanaldia.

Zein gairen inguruan egingo duzu gogoeta?
Hainbat gai aukeratu ditut. Han batu ditudan gaiak jaso eta hemen zabaltzea izan da asmoa. Kooperazioaren inguruan sortu zaizkidan zalantzak eta kontraesanak kontatzen ditut. Guk Afrikari begiratzeko dugun moduaz ere gogoetatu dut eta emakumeek bere egunerokotasuna nola bizi duten deskribatzen dut. Arreta eman dit, baita ere, Mozanbikeko haurrek mundua nola ikusten duten.

Zer da kapulana?
Kapulanak, Mozanbikeko emakumeen oihal koloretsuak dira; soineko moduan, haurrei lepoan eusteko, jana biltzeko edota etxeak apaintzeko erabiltzen dituzte. Mila gauzetarako erabiltzen dituzte eta nik nire kapulanean bildu ditudan ideiak erakutsiko ditut gaur.

Norentzat da egokia emanaldia?
Printzipioz helduentzako prestatuta dago baina gaztetxoentzako ere interesgarria izan daiteke. Datorren ostegunean aurkeztuko dugu, ofizialki, Berrizen. Subijana etxeko gaurko emanaldia entsegu moduko bat izango da, etxekoentzako prestatua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!