Eguneko errezeta

Orburuak

Tolosaldeko Ataria 2015ko abe. 9a, 12:42

Agustin Laskurainek orburuekin eginiko platera prestatu digu.

Garbitzen lana eskatzen duen produktuarekin gatoz gaurkoan: orburuak. Errezeta osasungarria proposatuko dugu.

Lehenik orburuak garbituko ditugu. Ondoren, ur gatzetan egosten jarriz. Zenbat denboraz izan behar ditugun jakiteko, orburu bat atera eta labana zorrotz batekin labana erraz sartzen baldin bada, orburua egosita dagoela esan nahi du.

Barazkiak, suabe-suabe

Egosten ari diren bitartean, gainerako barazkiak, tipula, baratxuria eta piper berdea txiki-txiki eginda, erregosten jarriko ditugu, oliotan prest dugun gurina botata. Suabe-suabe utziko dugu sutan, kolorerik hartzen ez diogu utziko. Orburuak prest daudenean, gainerako barazkien ontzira botako ditugu. Irina apurtxo bat ere gaineratuko diegu eta baita jarraian ardo zuri apurtxo bat ere.

Seguruenik, momentu honetan, gure kazolak ur gehiago behar izango duela. Salda baldin badugu hori gehituko diogu, bestela ura ere bota daiteke. Sutan mantentzen dugun bitartean, onddoak prestatuko ditugu. Zartagitik azkar-azkar pasako ditugu. Ondoren, beste kazolara botako ditugu eta 10 minuturen buruan prest izango dugu platera. Urdaiazpiko xaflak, azken momentuan pasako ditugu zartaginetik.
 

OSAGARRIAK

ORBURUAK ONDDOEKIN

Tipula, baratxuria (ale pare bat), piper berdea (erdia), orburuak, onddoak (ez gehiegi, orburuari gusturik ez kentzeko), urdaiazpiko xafla batzuk (apaintzeko), gurina (oso gutxi), irina eta ardo zuria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!