Euskal presoak Euskal Herriratzearen aldeko ikurra ezabatzen ari dira

Tolosaldeko Ataria 2016ko api. 13a, 10:42

Malkar plazan dagoen Euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzeko ikurra ezabatzen ari da Amasa-Villabonako Udala. Sortuk gogor kritikatu du erabakia eta alkateak pintada berritzeko baimenik eskatu ez izana argudiatu du.

Amasa-Villabonako Sortuk gogor kritikatu du udalak ikurra ezabatzeko hartu duen erabakia eta EAJri presoen eskubideen aurka aritzea egotzi dio: "Atzo pobreak pobreago egiten Donostian, arratsaldean erraustegia egiteko defentsa negargarria egiten eta gaur presoen Euskal Herriratzea aldarrikatzeko ikurra kentzen... Nork sinesten die hauei, dispertsioa babesten aritu eta orain dispertsioa salatzen dutenenean?".

Amasa-Villabonako alkate Iban Agirrek egindako kritikei erantzun die: "Gu ez gaude elkartasunaren kontra baina pintada hori baimenik gabe berritu da eta hori ezin da jasan. Zerbait egin behar bada herrian baimena eskatu behar da. Derrepente aurkitu gara plaza erabat pintatuta eta uste dugu ez dela hori jokaera egokia, horregatik kendu da. Ez da gu mezuaren kontra gaudelako, baizik eta ados ez gaudelako egiteko moduarekin". Baimena eskatuz gero ikurra berriz pintatzeko aukeraz galdetuta Agirrek esan du hitz egin beharko litzatekeela: "Pausoak horiek dira, zerbait egin behar bada herrian baimena eskatu, aztertu eta bideragarria bada egin egiten da. Ezin da, nahi dena egin". 

Gezurtatu egin du Agirrek, preso hurbiltzearen aurka daudenik: "Nola egongo gara aurka? Inondik inora. Baina herria garbi mantendu behar dugu eta pintada bat horrela baimenik gabe berritzea ez zaigu ondo iruditzen. Hori da dena". 

Gaur herri batzarra egingo dute, 20:00etan, Malkar plazan "presoen eskubideen defentsan, atzera urratsik ez" goiburuarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!