Basamortuko berotik Euskal Herriko epelera

Jon Miranda Labaien 2016ko uzt. 6a, 11:38

Aljeriako errefuxiatu kanpamentuetatik uztailaren 1ean Tolosaldera iritsi ziren 23 umeei harrera egin zieten atzo Amasa-Villabonan.

Basamortuaren erdian dauden Tindoufeko errefuxiatu kanpamentuetatik 23 ume iritsi dira Tolosaldera aurten. Horietatik hamabik Amasako apaiz etxean hartu dute ostatu, Maiatzak 20 elkartearen ekimenari esker. Beste hamaika umek, harrera familiekin pasako dute uda lauk Tolosan, binak Villabona eta Anoetan eta banak Alegia, Ibarra eta Alkizan.

Amasa-Villabonako udaletxean Oporrak bakean programan parte hartzen duten haur saharauiarrei egindako harrera ekitaldian hitz egin du Unai Iraola, Alegiako alkateak: «Badakigu haurrek hemengo baliabideen beharra dutela, baina Espainiak, Marokok eta gainerako indar inperialistek ezarritako gatazka egoera baten ondorio bat da egoera. Programa hauez gain, gatazka politikoari konponbidea eman eta autodeterminazio eskubidea bermatzea da Saharar herria laguntzeko bidea».

Udako bi hilabeteak dira gogorrenak basamortuan bizitzeko Maite Izagirre, Amasa-Villabonako alkatearen iritzian. «Itzalean tenperatura 55 gradutara igo daiteke. Beraz, klima epelago eta erosoago batean egoteko aukera eman nahi diegu haurrei». Amasa-Villabonako Udala saharar herriak bizi duen egoerarekin «erabat kontzientziaturik» dagoela esan du Izagirrek eta eskerrak eman dizkie haur hauek beraien etxe eta familietan hartzen dituzten familiei.

Tolosaldera etorri diren 23 umeetatik zazpi lehen aldiz etorri dira Euskal Herrira, gainerakoak errepikatu egin dute esperientzia. Abuztuaren 31ra arte egongo dira gure artean eta mediku azterketak pasatzeaz gain, ekimenak egingo dituzte goizero.

OSTEGUNEAN ANOETAN

Saharako bi haurrekin batera, Errusiako neska bat etorri da uda pasatzera Anoetara. Ume hauek herriko hiru familiekin pasako dute uda. Anoetako Udalak harrera «xumea» egingo die ostegunean, udaletxeko areto nagusian, 18:00etan hasita.

Ana Trapero 'Oporrak bakean' ekimeneko arduradunari egindako elkarrizketa entzungai: 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!