Etxegabetzeak saihesteko protokoloa onartu dute Amasa-Villabonan

Jon Miranda Labaien 2016ko ira. 28a, 11:12

Ibon Ariznabarretak egin zituen alkate funtzioak asteleheneko osoko bilkuran, Maite Izagirre orkezkatuko baitu, ezgaitasun egoeran dagoen bitartean.

Gai zerrendatik kanpo eta zinegotzi guztiek gaia jorratzeak zuen urgentziaren alde bozkatu eta gero, Amasa-Villabonako udalbatzak aho batez onartu zuen astelehenean etxegabetzeak saihesteko jarduera protokoloa.

Gain-zorpetzeagatik ohiko etxebizitza mantentzea arriskuan jartzen dion kaudimen-gabezia agertzen duen pertsona edo familiari eta beraz, gizarte bazterketa egoeran izateko arriskuan dagoenari, osoko konponbideak ematea da onartu den jarduera protokoloaren helburua. Amasa-Villabonako Udalak onartu duenez, «prozesu orotan etxebizitza irtenbide bat bilatzeko ahalegina egingo da, edo erakundearekin negoziatuta familia etxebizitzan gera dadin, edo bestela etxebizitza publiko bat gizarte-alokairu erregimenean emanda». Protokoloa bat bateko egoera ekonomiko baten ondorioz ohiko etxebizitzaren etxegabetze kasuak daudenean ezarriko dela jakinarazi du udalak, «beti ere etxebizitza hori eraginpeko pertsonak jabetzan duen higiezin bakarra bada».

Etxegabetze kasu baten berri jaso ondoren jarraitu beharreko urratsak zehazten dira udalbatzak onartutako testuan. Kasua, Alkatetzari, Osasun, Gizarte Ongizate eta Immigrazio batzordeari jakinarazi ondoren, Alkatetzak harrera egingo dio, egoera hau bizi duen pertsona edo familiari eta bere ohiko etxebizitza babesteko dauden bitarteko juridiko guztien berri emango dio.

Ondoren, udalak finantza-erakundea premiazko batzar batera deituko du. Batzar horretan, alkateak, gizarte ongizateko zinegotziak eta oposizioko talde bakoitzeko zinegotzi banak hartuko du parte. Bitartekari lana egingo dute zinegotziek, finantza-erakundeak etxegabetze prozedura berriz aztertu eta «etxegabetzea eten, alokairu soziala jarri edota 2012/6 Errege dekretuaren arabera, etxebizitza ordainean eman dezan». Udaleko gizarte laguntzaileak, bestalde, egoerari aurre egiteko eskuragarri dauden zerbitzuei eta prestazioei buruz orientatuko du etxegabetze arriskuan dagoen pertsona edo familia.

BILKETA SISTEMAZ, EZTABAIDA

Asteleheneko osoko bilkura Ibon Ariznabarreta alkateordeak zuzendu zuen. Maite Izagirre, «ezgaitasun iragankor egoeran dagoen bitartean», Ariznabarretak alkatea funtzio guztietan ordezkatuko duela jakinarazi zuten.

Osoko bilkuran Zubimusu ikastolak eskatutako obra zergaren hobariari onarpena eman zioten alderdi guztiek aho batez. Ariznabarretak azaldu zuenez, «hurrengo asteetan bilduko da hezkuntza batzordea eta hurrengo plenoan obra horiek diruz laguntzeko lankidetza hitzarmena onartuko dugu». EH Bilduko zinegotzi Xabat Labordek gogoratu zuen hitzarmena sinatu aurretik egin zuela publiko udal gobernuak Amavi aldizkarian eta horretatik eskertu egin zuen batzar horretan aitortu izana oraingoz hitzarmenik ez dagoela. «Udaletxe arduratsu batek, ezin ditu egiak ez diren albisteak eman».

Galde erreguen txandan oposizioko alderdiek EH Bilduk eta PSE-EEk hondakin bilketa sistema berria ezartzerako orduan aldebakartasunez aritzea egotzi zioten udal gobernuari. «Udaleko hiru alderdiek adostutako sistema izanik, urrats guztiak elkarrekin eman beharko genituzke eta sentsibilizazio kanpainak egiteko baliatu», esan zuen Ariza zinegotzi sozialistak.

Harago jo zuen Labordek: «Gai hau interes alderdikoietarako kapitalizatu nahi izan du EAJk eta kanpaina egiteko baliatu». Etxez etxe jeltzaleek banatu duten testua ere ez du begi onez ikusi EH Bilduk. «Zertara dator hau? Gu ez gara buzoneo gerra batean sartuko», esan zuen Labordek. Amaitzeko galdera luzatu zion udal gobernuari: «Pentsatu al duzue zein neurri hartu birziklatze tasa %70tik jaisten bada?». Erantzunik ez zuen eman udal gobernuak eta bukatutzat eman zuen bilkura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!