Gazteen aurkako epaiketa

Irati Mujika Soto del Real espetxera eraman dute, epailearen aurretik pasa ondoren

Tolosaldeko Ataria 2014ko urt. 11a, 13:09

Elkarretaratzea egin dute Amezketan Irati Mujikaren atxiloketa salatzeko.
Goizean Espainiako Auzitegi Nazionaletik igaro da, ostegunean Aramaion (Araba) atxilotu eta gero. Epailearen nahia da gazte mugimenduaren aurkako beste inputatuekin batera epaitzea, baina fiskalaren eta akusazio partikularraren iritzia jakin behar dela gaineratu du. Hurrengo ostegunean, hilak 16, izango da gazteen aurkako epaiketaren hurrengo saioa, eta ordurako jakingo da erabakia. Epaiketa horrek irauten duen bitartean Soto del Real (Madril) espetxean egongo da Mujika. Bihar jasoko du familiaren bisita.

Joan den urriaz geroztik ezkutuan zegoen Amezketako gaztea, beste hiru kiderekin batera. Segiko kide izatea egotzita, 26/11 sumarioan auzipetuta zeuden eta Espainiako Auzitegi Nazionalari planto egin zioten. Irati Mujikaren atxiloketa salatzeko atzo elkarretaratzea egin zuten Amezketako plazan eta ondoren osoko bilkura egin zuten.

Mondraberri guneak eman du jakitera Irati Mujikaren atxiloketa. Azken polizi operazioa salatzeko Aramaion egin zuten manifestazioan jakinarazi zuten amezketarra poliziek eraman zutela. Desobedientzia zibila aldarrikatuz, hainbat alditan agertu da Irati jendaurrean. Besteak beste, azaroko kultur astearen barruan Amezketan ospatu zuten feria berezian.

#StopArrestingBasque traola erabiltzen ari dira sare sozialetan Irati Mujikaren atxiloketa salatzeko.

Elkartasuna adierazi diote gaur Irati Mujikari.

2008ko azaroaren 10ean atxilotu zuten lehen aldiz Iruñean, Segi gazte erakundeko kidea izatea eta kale borrokako ekintzetan parte hartzea egotzi zioten. Hamar mila euroko bermea ordainduta, kalera irten zen 2009ko urtarrila bukaeran.

Iratiren aitak, Juan Mari Mujikak, 2008ko abenduan polizien jazarpena jasan zuela salatu zuen. Espainiar poliziak mendialdera eraman eta laku baten ondoko etxola batean galderak eta mehatxuak egin zizkiotela salatu zuen. Preso zuen alabaren egoera baliatuz, kolaboratzea eskaini zioten, baina Mujikak ez zien erantzun nahi izan. Salaketa ere aurkeztu zuen. Beranduago, Jose Maria Aznar Espainiako presidentea hiltzeko atentatu saioarekin lotu nahi izan zuten Juan Mari Mujika eta Barkoxen atxilotu 2012ko uztailean. Paueko Auzitegiak onartu egin zuen bere aurkako euroagindua eta Espainiaratuta Valencia II espetxean daukate gaur egun.  

Irati Mujikaren hirugarren atxiloketa

Gazte mugimenduaren kontra sarekada handia agindu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak 2009ko azaroan. 34 lagun atxilotu zituzten Guardia Zibilek eta Espainiako Poliziek. Tartean zen amezketarra eta baita gure eskualdeko beste bi gazte ere: Aritz Lopez tolosarra eta Mikel Ayestaran billabonatarra. Bigarrengo aldi honetan Irati Mujikak urte t´erdi eman zuen espetxean eta 2011ko uztaila bukaeran atera zen kartzelatik.

Atzoko atxiloketa hirugarrena du Irati Mujikak. Bien bitartean, Segiko kide izatea egotzita auziperatuta dauden 40 gazteen aurkako epaiketak datorren ostegun eta ostiralean jarraituko du. Urtarrilaren 30 eta 31n izango dira azkenengo saioak.

Bideoa. Desobedientziaren bidetik segitzeko eskatu du Irati Mujikak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!