Euskaltzaindiaren zuzendaritzak batzarra egin zuen atzo Amezketako udaletxean. Barne batzarra izan zen, eta zuzendaritzako kideak soilik egon ziren bertan. Fernando Amezketarraren 250. urteurrena ospatzen dute aurten Amezketan. Euskaltzaindiko zuzendaritzak, modu horretan, euren omenalditxoa egin nahi izan dio bertsolari eta artzain izandakoari.
Bilera arratsaldean egin zuten, eta 18:00etan amaitu zen. Hain justu, ordu horretan, kultur etxean Fernandoren omenezko plaka inauguratu zuten. Euskaltzaindiako kideak bertan egon ziren, udal ordezkariekin batera.
Bertsolari handiaren omenezko ekitaldian, bertsoak beste herritar batek bota zituen. Bixente Gorostidik gogoan izan zuen Fernando Amezketarraren ekarpena, eta herritarrei bertsotan eta hizketan jarraitzeko eskatu zien Gorostidik, euskaraz, noski.
Ekitaldiaren ondoren, Pello Zabalak eta Joxe Mari Oterminek hitzaldia eman zuten. Zabalak, Fernandoren odola edukitzeak berarentzat izan duen eragina azaldu zuen. Oterminek, pertsonaiaren inguruan dakigunaz eta ez dakigunaz hitz egin zuen.
Hitz egiten lehena Pello Zabala izan zen, berak esan behar zuena Oterminena baina «garrantzitsuagoa» zelako. Umore onez hasitako hitzaldiak giro ederrean jarraitu zuen aurrera, kultur etxeko areto nagusia jendez beterik zela.
2014, Fernado Urtea
Amezketan urte osoko egitaraua antolatu dute, 2014 Fernando Urtea izendatu baitute. Apirilean Fernandoren Txokoak ibilbidearen aurkezpena egingo dute, eta maiatzari dagokionez, hilaren 11n, Tolosako Txistulari Bandak emanaldia eskainiko du herriko plazan.
Ondorengo hilabeteetan ere izango da Amezketako pertsonai ospetsuaren inguruko ekimenik.