Balkoiak ikurrinez josita ospatu nahi dute Euskal Jaia igandean, Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2014ko urr. 7a, 13:01

Txerri boda ardatz hartuta ospatuko dira azoka eta eguneko erakustaldi gehienak

Urriko bigarren igandearekin batera Anoetako Euskal Jaia ospatuko da urtero lez. Ohitura bilakatu da jaia dagoeneko herrian, txerria ardatz hartuta ospatzen den euskal kulturaren jaia.

Udazkenean Euskal Herriko kulturan funtsezkoa den ekitaldia da txerri boda. Familien elkargune eta festa izan ohi den lan honetan oinarritzen dira igandeko azoka eta bertako erakustaldi gehienak.Urteetan zehar eta generazioz generazio iraun duen baserriko txerri bodaren bitartez euskal nortasun eta naziotasuna aldarrikatu nahi dute Anoetako Euskal Jaian antolatzaileek.

Espainiar bandera udaletxean jartzera behartuta izan da Anoetako Udala ere eta Espainiako Gobernuarengandik jasotako inposizioari erantzuna emanez euren ikurrina igandean balkoian jartzeko deia egin zaie Anoetako herritar guztiei.

Jai hau aurrera eramateak sortzen dituen lanak burutzeko herritarren parte hartzea beharrezkoa jo dute antolakuntzakoek eta lan hauetan laguntzera ere gonbidatu dituzte herritarrak.

Igandeko azokara bakoitzak bere zorroa ekartzeko deia ere egin dute antolakuntzatik eta eguna baserritarrez jantzita igarotzeko gonbita ere egin dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!