«Zorte handia da menderatua izatea gaur egungo gizartean»

Tolosaldeko Ataria 2016ko mar. 19a, 08:00

Anoetako Gazte Asanbladak antolatutako hilabete feministaren barruan, Lorea Agirrek hitzaldia eskaini zuen ostiralean. Euskara eta feminismoa izan zituen hizpide. Hona hemen bertaratutako gazteekin kazetariak konpartitu zituen hainbat hausnarketa:

"Euskaldunak izate bategatik baino gehiagogatik gara zapalduak"

"Emakumea, arraza eta klasea. Gure kasuan ere ematen da menderakuntza hirukoitza: gu gara emakumeak, gu gara hizkuntza menderatu batekoak eta langile klasekoak. Bide honetatik sartu dira munduko feminismo mordo bat: kolonizazio egoeran egon diren herrialdetakoak, indigenismoa, herrialde arabiarretakoak... Menderakutza ez da bakarra, izan daitezke bi, hiru, lau edo bost. Hori baina inportanteagoa da konturatzea ezin zaitezkeela izan feminista eta arrazista, edo feminista eta . Feminista izateak berekin dakar beste hainbat borroketara sartu beharra".

"Intersekzionalitateak esan nahi du genero berdintasunaren bilaketan gainerako borroka guztiak topatzen ditugula. Menderakuntza horiek guztiak zeharkatzen ditu generoak. Identifikatu behar da borroka bakoitzean indarkeria fisikoa eta sinbolikoa nola gertatzen den eta botereak nola menderatzen duen".

"Menderatuen begiradatik hizkuntzak ez du, orain arte, zentralitaterik izan"

"Borroka hauetara azkenetako bat inkorporatzen hizkuntza minorizatua izan da. Nahikoa menderakuntza bizi du euskal hiztun batek, feminismoak adar gisa onar dezan, hizkuntzaren aldeko feminismo bat egon dadin? Baietz uste dugu guk. Ertamerika eta Hegoamerikatik datorren indigenismoaren teorian, orain gutxi arte ez dira hizkuntzari garrantzia ematen hasi. Garrantzia gehiago eman izan diote ohitura galtzeari, hizkuntza galtzeari baino, kosmobisioa deitzen dioten horri. Menderakuntza borroka horietan eta feminismoaren begiradatik hizkuntzak ez du leku zentrala izan. Hizkuntza da gu menderatzeko leku pribilejiatua. Horren adibide garbia da, esaterako, Euskaldunon Egunkariaren itxiera".

"Zorte handia da menderatua izatea gaur egungo gizartean"

"Emakume ez den batek hiztuna den heinean, menderakuntza bizi du. Badaki zer den menderatua sentitzea. Horrek esan nahi du, elkartasun sareak eta enpatiak sortu daitezkeela emakumeok bizi dugun menderakuntzarekiko. Gizarte osasuntsu, sanoago eta berdinzaleago bat egiteko aukera dugu, zer eta menderatuak garelako".

"Feminismoak emakume esaten duenean, kontrajartzen du gizon eredu patriarkal, hegemoniko, goitik beherako batekin. Hori normalean da gizon zuri bat, gizon burges bat, gizon heterosexual eta europar bat. Boteretsua, arrakastaduna, diruduna, segurua. Gizonezko izanda ere, gutako zein da horrelakoa? Gizon hegemoniko ez den hori guztia emakume bezala izendatzen du feminismoak".

"Momentu honetan feminismoa da sozialismo berria"

"Euskal Herri sozialista nahi dugula esaten dugu baina Euskal Herri euskalduna edo feminista ez da hain maiz aldarrikatzen. Niri hori harrigarria egiten zait. Feminismoak halako jauzi intelektual eta praktikoa egin du, non feminismoak sozialismoa gainditu duen. Hori nire iritzia da, baina iritzi konpartitua. Angela Davisek esana du, feminismoaz elikatutako marxismoa dela orain behar duguna inoiz baino gehiago, horixe dela historiaren une zehatz honetan estrategiarik onena".

"Gure iraultza posible bakarra guk ere gizartea gure erara egitea da"

"Politikoa guztia da. 'Pertsonala dena politikoa da' feminismoaren leloak dio. Etxe barruan ematen diren menderakuntzak politikoak dira eta ez partikularrak. 'Etxean behintzat euskaraz' esaten ziguten txikitan, aldarri hori ez zen pertsonala, politikoa baizik. Eraldatu dezagun beraz gizartea kolektiboki, elkarrekin".

"Sozialismo klasikoak dakarren irakurketa da goitik behera datorrela boterea. Feminismoak dakar beste irakurketa bat, esaten duena boterea sare bat dela. Eta bakoitza gure baitan gara menderatuak eta menderatzaileak aldi berean. Adibidez, euskal hiztunak menderatuak gara, baina espainolez hitz egiten dugunean, berriz, menderatzaile. Nahastu egiten dira, beraz, botere harremanak. Feminismoak esaten du: goazen aztertzera zein botere harreman dauden eta non. Menderakuntza non eta nola gertatzen den zehazki jakin dezagun, botere harreman berri batzuk antolatzeko. Hortik dator, ekonomia sozialak edo ekonomia feministak planteatzen duena: jarri dezagun bizitza erdigunean eta dedikatu gaitezen elkar zaintzera".

"Euskaraz egitea antikapitalista izan daiteke eta bada".

"Kapitalismoa homogeinizazioa da. Denok kultura bera, denok hizkuntza bera, denok bizimodu bera, sistema mantentzeko gurpilak bueltaka segi dezan. Zertarako eta dirua irabazteko, guk apur bat eta gutxi batzuk ikaragarri pila. Hori da bizi dugun jokoa. Euskara erabiltzea askatzailea da, feminismoa bezala. Kultur aniztasuna suposatzen duelako. Kapitalismoa berez da hegemonikoa eta patriarkala eta ezin da ulertu hizkuntzen zapalkuntza gabe".

"Demokrazia arazo bat da euskararena, eskubide kontu bat".

"Genero borroka ez da identitate borroka bat. Justizia sozialeko kontu bat da, eskubide kontu bat. Ez ditugu eskubide berdinak gizon jaio edo emakume jaio. Hiztun bezala ere ez ditugu eskubide berdinak. Euskaldun izatea izan beharko luke beste edozeinen berdina izatea eta gaur egun ez da. Eskubide gutxiago ditugu".

"Norbait menderatzeko tresnarik onena da menderatzaileak esatea zu zer zaren. Eta hori beti praktikatu da. Euskaldunokin bereziki: da hizkuntza txikia, maitagarria, ahula, umila, umetxoekin, txakurtxoekin, etxean erabili beharrekoa. Baina epaitegira bazoaz, plaza publikora bazoaz, edo Belodromora, orduan hobea duzu espainolez hitz egin. Naturalizazio prozesuak ematen dira eta hori deseraiki egiten du feminismoak".

"Menderatuak gaudelako gara eraldaketarako subjektuak"

"Menderatua ez denak ezin du eraldaketa ekarri, ez duelako egoera aldatu nahi. Hizkuntzarekin batera gauza gehiago aldatuko ditugu? Gure herria, gure auzoa, gure kuadrilla, gure botere harremanak. Aukera ezin hobea da eraldaketarako".

"Jakin, jabetu, ahaldundu eta boteretu. Hori dira feminismoak planteatzen dituen urratsak. Zein tresna ditugu euskal hiztunok euskara izan dadin hemen hizkuntza nagusi? Goazen botere harremanak aldatzera, aldaketa integral bat egin dezagun kolektiboki. Modu justuagoan eta hobeto bizi gaitezen".

"Gara egiten duguna. Egiten dugunak egiten du eta gu egiten gaitu. Kate bat da. Zerbait aldatu nahi badugu genero planoan, hizkuntzaren planoan, arazo sozialen planoan edo ekonomiaren planoan egiten dugun horrek aldatuko du".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!