«Bizitzaren alde eta erraustegiaren aurka», Anoetan ere zutik

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2016ko uzt. 7a, 08:00

Anoeta Zutik! ekimenaren lehen batzarra egin zuten larunbatean.

«Erraustegiaren aurkako eta bizitzaren aldeko mugimendua sortzen ari zela ikusi genuen, eta Anoetan ere zerbait sortu behar genuela ikusi genuen», adierazi du Oier Urkola Anoeta Zutik! ekimeneko kideak.

Lehenengo batzarra deitu zuten larunbaterako, eta 20-30 pertsona inguru bildu ziren. «Ez zegoen ezer planteatuta eta erabakita, eta mugimenduari hiru galdera egin genizkion: nondik gatoz, zein da gure helburua, eta zer egingo dugu helburu horiek lortzeko».

Gipuzkoa Zutik! mugimenduaren inguruan hitz egin zuten lehenengo, eta ekimenaren helburuak zehaztu zituzten gero. Erraustegiaren inguruko informazioa bereganatzea da helburu nagusia: «Uste dugu guk geuk ere ez dugula nahikoa informazio erraustegiaren inguruan». Informazio hori herritarrei zabaldu, eta herritarrek erraustegiaren inguruko erabakiak hartzea da beren helburua.

«Jendea oso gogotsu eta irudimentsu» agertu da, eta ideia «ugari» atera dira. Uztailaren 11an kanpaldia egiten hasiko dira herriko plazan. «Gerturatzen den jendeak emango dio forma mugimenduari; egunero egingo ditugun asanbladen bitartez zehaztuko ditugu bizikidetza arauak, egitarauak, funtzionamendua, etab.».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!