Tentsio uneak izan dira CIE Orbelan Plasticos enpresan

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 23a, 14:38
CIE Orbelaneko langileak greba mugagabearen lehen egunean, Andoainen. Iturria: ELA

CIE Orbelan Plasticos enpresako langileek greba mugagabea hasi zuten atzo, lan hitzarmen duin bat eskatzeko. Enpresak bi lantegi ditu, Anoetan bata eta Andoainen bestea, eta Andoainen gaur eguerdian manifestazioa egitekoak ziren, baina bertan behera uztea erabaki dute.

Langileak azaroan hasi ziren enpresarekin negoziatzen, lan baldintza hobeak lortzeko. Soldatak igotzeko, lanaldia murrizteko, gauetako lanaldien gehigarria igotzeko, eta lan poltsako orduak gutxitzeko eskatzen dute. 155 langile ditu enpresak eta autoentzako piezak egiten dituzte.

ELA sindikatuak esan du gaur eguerdian egitekoak ziren manifestazioa ez dutela egin; «enpresa aldi baterako kontratua duten langileei deitzen hasi da eta horietako batzuk presiopean lanera etorri dira gaur. Horren aurrean manifestazioa ez egitea eta piketea mantentzea erabaki dugu». Sindikatuak gehitu du tentsio uneak izan direla. Enpresak greba eskubidea urratu ote duen aztertzen ari dira orain.

Gaur 17:00etarako deituta zuten eguneko bigarren manifestazioa, Andoainen hori ere, eta deialdi hori mantentzea erabaki dute.

Langile batzordea ELAko zazpi lagunek eta UGTko bik osatzen dute. ELAk hitzarmen kolektibo baten alde «irmo» borrokatuko direla gaineratu du.

CIE Automotive 2002an sortu zen, Corporacion Industrial Egaña eta Aforasa taldea (Patricio Echevarria izandakoa) batu zirenean. Erosketa asko egin ditu azken urteetan, eta, horien ondorioz, autoen osagai gehienen ekoizpenean aritzen da: errekuntza motorretarako orotariko piezak, karrozeriak, direkzio sistemak, plastikozko osagaiak, transmisioak, galgak... Iaz inoiz baino etekin handiagoa eskuratu zuen enpresak, 320 milioi euro irabazi zituen, 2022an baino %6,7 gehiago. Salmentak %3,1 handitu zituen, 3.959 milioi euroraino, eta Europa (%36) eta Ipar Amerika (%31,1) izan zituen merkatu nagusiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!