Abenduarekin batera Asteasuko ziklo kros proba iritsi ohi da. Aurten, XV. edizioa jokatuko da, eta punta-puntako euskal txirrindulariak bertan egongo dira. Horien artean, aurtengo denboraldian lasterketa gehienak irabazten ari den Aitor Hernandez. Iazko txapelduna, Egoitz Murgoitio zalantza da, Belgikan erorikoa izan ondoren lesioarekin baitago. Hala eta guztiz ere, Asteasuko proba ez du erabat baztertu Murgoitiok. Bi hauei hortzak erakustera etorriko dena Javier Ruiz de Larrinaga izango da. Asteasuko proba gustuko dute txirrindulariek, ibilbide ederraz gain, giro aparta egoten delako. Elite mailako proba 12:30ean hasiko da.
Punta-puntako txirrindulari hauekin batera, beste izen ugari izango dira Asteasun. Guztira 200 kirolari inguru espero dituzte antolatzaileek, maila desberdinetan banaturik. Ibilbidea urterokoa izango da, hau da, Elizmendi auzokoa. 2.650 metroko zirkuituan zati handiena landa eremuan egingo dute: 2.000 metro.
Asteasuko Aitzondo Txirrindulari Elkarteak antolatzen du proba, eta ostiralean, 50 lagun inguru ariko dira lanean. Aurrez, 10 inguruk prestatzen dute lasterketa. Aurtengoan ere arazo ekonomikoek aurrera jarraitzen dute, eta nazioarteko izaera albo batera uztea erabaki dute, «tasetan bakarrik dirutza joaten baitzen» Estatu mailako izaera izango du, beraz, XV. edizioak. Hala eta guztiz ere, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkie euren ekarpena egin duten guztiei.
Sarrerari dagokionez, sinbolikoa izango da, eta zirkuitura joaten diren guztien artean saski bat zozketatuko dute.
Asteasuko proba
Abenduak 6, ostirala
10:30. Kadeteak.
11:15. Juniorrak eta elite mailako emakumeak.
12:30. Elite mailako gizonezkoak eta 23 urte azpikoak.