Alkateei elkarrizketak

«Udalaren egoera egonkortzeaz harro gaude»

Tolosaldeko Ataria 2015ko eka. 24a, 08:00

Asteasu Batuz taldeko zerrendaburu bezala aurkeztu zen Pili Legarra (Asteasu, 1960) aurreko udal hauteskundeetara. Herritarren babesa jaso ondoren, beste lau urtez jarraituko du alkatetzan.

Zein balorazio egiten duzu udal hauteskundeen emaitzen inguruan?

Emaitza ezin hobea izan dela uste dut. Aurrego legealdia oso gogorra izan da ekonomikoki guretzat eta beti zalantza sortzen du jendeak hartutako neurriak ulertuko ote dituen. Babes handia jaso dugu eta eskertuta gaude, guztion lorpena izan da.


Bete al ditzuue aurreko legealdian zuen buruari jarri zenizkioten helburuak?

Ez denak, baina %80 batean baietz uste dut. Premiazkoena udalaren egoera ekonomikoa saneatzea zela uste dut eta alde horretatik zorra, 2, 2 milioietatik 918 mila eurotara jaitsi dugu eta hori lorpen handia da. Orain Asteasuko Udala zorpetuta dago baina eramangarria da. Horrelakoa behar du izan udal politikak: duguna baino gehiago ezin dugu gastatu.

Hitzarmen urbanistiko baten epeak ez betetzeagatik isuna jaso zuen Asteasuko Udalak. Nola bideratu duzue auzia?

Egia esan aurreko legealditik zetorkigun konpromisoa zen. Hitzarmenean jasotakoa betetzen saiatu ginen baina bertan jasotako epeak bete ezinak ziren eta ez gure erruz. Azkenean dirutan gauzatu zen konpromiso hori eta dagoeneko 642 mila euro ordaindu dizkio udalak zegokion familiari. Orain interesak ordaintzea bfalta da, baina aurten erdia eta datorrenean beste erdia ordainduz dena amaituta geratuko da.

Zein azpiegitura proiektu dauzkazue legealdi berrirako?

2016ko abendurako bukatuta egongo da herrian 32 etxebizitza egiteko proiektua. Orain, herriko plazaran peatonalizazioari heldu nahi genioke. Ez da proiektu erraza, herriko bailara ba tera doan bide bat amaitu behar da hori egiteko eta herrigunean dugun zerrategi bat lekuz aldatu beahr da. Denbora daramagu horretan lanean eta lau urteotan gauzatu  nahi dugun asmoa da. Eskolako jolastokian estalpe bat egiteko ideia ere garatu dugu gurasoekin eta orain finantziazio bila joko dugu beste erakundeetara. Lizardi etxeari erabilera berria emango zaio aurki, herritarrek erabakitzen duten moduan.

Udal taldeko beste bi taldeekin zer nolako harremanak izan dituzue?

Aurreko legealdian postura irekiagoak espero nituen eta, tamalez, ez ditut aurkitu. Badirudi batzuentzat politika egitea, kontra egitea dela eta harremanak zapuztea. Hori ez da sekula nire nahia izan. Orain bi talde egongo gara udalean eta espero dut giroa hobetzea eta elkarlanean aritu ahal izatea.

Turismoa sustatzeko plan bat prestatu duzue. Zein arlo hartuko ditu?

Bernardo Atxagaren obran oinarritutako proiektua landu dugu idazlearekin elkarlanean. Bere parte hartzea ezinbestekoa izan da eta eskertzekoa da hori. Asteasuren izena ezagutzera emateaz gainera, herrira jendea erakartzea da gure helburua eta gure ekonomia suspertzea. Gure herriko dendak, tabernak, ostatuak ere badute bere parte hartzea egitasmo honetan. Egitasmoak arlo guztiak dinamizatzen lagunduko digu.

2019an beteko dira 100 urte Pello Errota hil zela.

Bai, herritar garrantzitsua izan da guretzat. Ez da gure asmoa 2019an ekitaldi bakarra egitea, baizik eta urte horren aurretik hainbat ekimen bultzatzea. Bertsolaritzak ematen digu aukera ugari. Gure taldeko zinegotzi baten eta nire heren-aitona zen Pello Errota eta oraindik ere bultzada handiagoa da hori guretzat.

Entzun elkarrizketa osoa hemen:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!