Asteasuko sanpedroak 2015

Asteasuko Jaietako egitaraua

Jon Miranda Labaien 2015ko eka. 26a, 11:40

Umeen egunarekin hasi eta Sorginaren jaitsieraren ondoren Juan Tapiak botako du txupinazoa

Girotzen joateko aurreko asteburuan egin zituzten Asteasun festetako lehen ekitaldiak eta astearte iluntzean San Joan suaren bueltan dantzan ibili ziren. San Pedro jaiak, ordea, gaur arratsaldean abiatu eta asteartea bitartean luzatuko dira.

Aitzondo elkarteak, Aitzondo txirrindulari elkarteak, Pello Errota ikastetxeko guraso elkarteak, Asteasuko gazte asanbladak eta hainbat herritarrek parte hartu dute udaleko festa batzordean. Guztien artean osatu dute jaietarako egitaraua.

Festa batzordearen eskutik jaso zuen Juan Tapia trikitilari eta trikitixa maisuak jaiei hasiera emateko txupinazoa botatzeko gonbita: «Aurrena harriduraz hartu nuen eta gero, berriz, oso gustura; ohore bat da nitaz akordatu izana». Ez da hizlaria baina hitz pare bat esateko beharrean ikusiko du bere burua. Haritz Mujika, pandero jotzaile, bertsolari eta Juanen ikaslea denak lagunduko dio. Bertsoren bat entzun ahal izango da txupinazoaren unean, gaur, 20:30ean. «Nik botako dut txupina baina Asteasuko trikitixa eta pandero taldea ordezkatuko dut, denen izenean botatzeko asmoa dut».

Duela 10 urte hasi zen herrian Juan Tapia trikitixa eta pandero eskolak ematen. Lauzpabost ikasle izan zituen hasieran eta gaur egun talde handia osatzea lortu du. «Niri etxetik datorkit soinuarekiko afizioa. Nire aita Eleuterio izan zen tapiatarren lehenengoa, osaba Juanito ere ibiltzen zen eta lehengusua dut Joseba. Beti egon da soinua etxean eta orain alaba ere badabilkit trikitixarekin. Soka eten ez dadin jarri nuen eskola martxan».

Etxean ez ezik, herrian ere soinuak eta bertsoak beti izan du presentzia: «Pentsa, Pello Errota ere bertakoa genuen. Dantzari onak ere izan dira Asteasun. Txistulariak ere baditugu herrian, eta kantu jira taldea ere osatu zen. Jendeak gustura hartzen du musika». Guztiek elkarrekin kalejira egingo dute San Pedro Egunez. Juan Tapiaren trikitixa eta pandero eskolakoek, berriz, emanaldia ekainaren 30ean, 18:00etan eskainiko dute.

Xanti Azurmendi eta Luis Mari Esnaolaren eskutik, Asteasuko Udalak hiru hilabetez behin erromeriak antolatu izan ditu udaletxeko arkupetan. «Orain data bat finkatzen ari gara eta hain maiz izan gabe, maiatzeko larunbat bat hartzen dugu bertan emanaldi bat egiteko. Ea gazteek ere soinuarekiko guk sentitzen genuen grina hori sentitzen duten».

Trikitixa mundua dezente aldatu da azken urteetan. Garai batean jendetsuak izaten ziren txapelketak baina haiekiko distantziaz hitz egiten du Tapiak: «Lehia handia sumatzen nuen txapelketa haietan. Ni, horregatik, ez nintzen inoiz atera izan. Hala ere, trikitilari eta pandero jotzaile bikote formato hori berreskuratu nahi genuke».

Bost eguneko festa astearte arte

Gaur sorginaren jaitsierarekin abiatuko dira Sanpedroak Asteasun. Haurren Eguna izango da eta haientzako parkea prestatu dute gaurko frontoian.

Bihar, Kuadrillen Eguna izango dute eta, besteak beste, ikurriñari omenaldia egitearekin batera, kontzertuak izango dira Lain, En tol sarmiento eta DJ Bullen eskutik.

San Pedro Eguna aurten astelehenarekin tokatu da eta ohiturazko ekitaldiez gainera, bertso saioa izango da 22:30etik aurrera. Jubilatuen Eguna izango dute festetako azkena, ekainaren 30an.

Pili Legarra, Asteasuko alkateak nabarmendu duenez, «eguraldi ona izango dugula esan digute, eta beraz, inguruko herrietako jendea ere gonbidatu nahi nuke. Festak bakean eta giro onean ospatzea espero dut. Ziur San Pedro borobilak izango direla aurtengoak».

Asteburuko egitaraua

EKAINAK 26, OSTIRALA

Haurren Eguna
11:00. Haurren Krosa eta marrazketa lehiaketa.
11:30 — 14:00. Haur parkea egingo dute frontoian.
14:00. Haurren arteko Bazkaria plazan.
15:00 — 17:00. Haur parkea frontoian.
17:30. Haurrentzat zezen txiki eta poneyak.
17:30. Asteasuko Gazte Asanbladak antolatutako fronteniseko finalak.
18:15. Arkupeko txapelketako finala.
19:00. Aitzondo Txirrindulari Elkarteak antolatuta: pala txapelketako finala.
20:30. Sorginaren Jaitsiera. Juan Tapia trikitilari eta trikitixa maisuaren eskutik txupinazoa.
Ondoren. Txistulari, erraldoi eta buruhaundiekin kalejira.
21:30. Herri afaria.
Ondoren. Erromeria Laket taldearekin.

EKAINAK 27, LARUNBATA

Kuadrillen Eguna
Eguerdian. Triki poteoa.
14:30. Kuadrillen arteko bazkaria plazan.
18:00. Musika kalean, Ttel eleketrotxaranga.
19:00. Atzapar Pelota klubak antolatutako nesken paleta txapelketaren finalak alebin eta infantil mailetan.
Ondoren, esku txapelketaren finalak alebin mailan.
20:00. Ikurriñari omenaldi ekitaldia.
23:00. Kontzertuak: Lain, En tol sarmiento eta DJ Bull.

EKAINAK 28, IGANDEA

Eguerdian. Sagardo dastaketa eta patata tortila txapelketa. Sagardotegiak: Sarasola, Etxeberria, Zabala, Aburuza eta Urdaira.
18:00. Herri kirolak Asteasuko taldeen artean.
19:00. Dantza emanaldia, Asteasu, Larraul eta Adunako Dantza Eskolen eta Oinkari dantza taldearen eskutik.
Ondoren. Musika plazan Trakets taldearen lehen emanaldia.
23:00. Trakets taldea plazan.

EKAINAK 29, ASTELEHENA

San Pedro Eguna
10:00. Diana.
11:00. Meza Nagusia.
Ondoren. Elizmendin: hamaiketakoa, Soka Dantza eta Asteasuko Pelota Eskolako Txapelketako finalak aurrebenjamin eta benjaminak.
17:00. Haurrentzat Obaba kalean, Pirata garrapataren kontuak emanaldia. Jarraian, apar festa.
18:00. Kantaldia bortzirietako Beltxaren bikotearen eskutik.
Ondoren. Asteasuko musikarien kalejira.
22:30. Bertso saioa, Sebastian Lizaso, Amets Arzallus, Amaia Agirre eta Unai Agirrerekin. Gai jartzen, Haritz Mujika arituko da.
Ondoren. Iñolaz taldea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!