Sanpedroak 2016

"Sorginduta ibiltzeko egunak izaten dira"

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2016ko eka. 28a, 15:05

19:30ean jaurtiko dute Asteasuko festetako txupinazoa. Aurten, Zenbat zeate? Bluxa taldeko kideek izango dute horretarako ohorea; izan ere, 25 urte igaro dira lehenbiziko aldiz bluxa jantzi zutenetik, eta ez dute ordutik kendu. Jose Ramon Aierza (Asteasu, 1974) kuadrilako kide bati elkarrizketa egin diogu:

Zer dela eta eman dizuete txupinazoa botatzeko aukera?

Duela 25 urte, gure kuadrilako 50 bat kideok Sanpedroetarako bluxa egitea erabaki genuen herriari bizitasuna emateko. Beste kuadrillaren batek edo bestek jantzi du, baina guk jarraitu diogu ohiturari. Hori da beste kuadrilletatik ezberdintzen gaituena, eta horregatik eskaini digute txupinazoa botatzeko aukera.

Ez zarete bakarrik egongo, ordea, udaleko balkoian.

Ez, gure kuadrilako 15 bat kide igoko gara, eta sorgina ere bertan izango da. Aurten, gainera, sorginari ere gure bluxa jantziko diogu.

Sorginaren konpainia onean, zuek ere baliatuko dituzue herriko festak sorginduta ibiltzeko, ezta?

Bai, bai. Sorginduta ibiltzeko egunak izaten dira herriko festak, eta herritarrak ere gonbidatzen ditugu horrela egin dezaten.

Zein da Asteasuko festetatik gehien gustatzen zaizuen eguna?

Kuadrillen Eguna, dudarik gabe. Urtean zahar kuadrilla bakoitza bere martxan ibiltzen da, eta elkartzeko egun ederra zaten da. Kuadrillen artean oso giro ona sortzen da. 

Zergatik joan behar dute eskualdeko herritarrek Asteasuko Sanpedrotara?

Oso giro eta anbiente ona izaten delako. Aurten, gainera, Udalak apustu handia egin du: larunbatean Vendetta taldeak joko du eta autobus zerbitzua izango da Tolosara, 00:00etatik 7:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!