Asteasun 3.600 kalamu landare atzeman dituzte

Tolosaldeko Ataria 2016ko uzt. 27a, 13:30

Ustez droga trafikoan aritzea leporatuta lau lagun epailearen esku utzi dituzte.

Hernaniko Ertzain-etxera iritsitako informazio bati segika ikerketa abiatu zuten ertzainek eta Asteasuko baserri batean egin zuten aurkikuntza joan den uztailaren 14an. 3.600 kalamu landare, hazkuntzarako beharrezkoa zen azpiegitura eta marihuana prozesatzeko materiala topatu zuten.

Baserri ondoko industria pabiloi batean aurkitu zituzten landareak eta jabearekin hitz egin ondoren, honek jakinarazi zien instalakuntzak errentan emanak zituela. Tokian bertan zaintzaile batekin egin zuten topo ertzainek eta hainbat dokumentazio atxiki zuten: maizterraren ardurapean zeuden bi enpresen ingurukoak ziren paperak, kalamuaren salmenta eta banaketaren zerikusia zutenak eta Cordobako (Espainia) herri batean antzeko instalakuntzak eraikitzeko proiektua jasotzen zutenak.

Kasuaren parte ziren hiru pertsonen aurka –jabea, maizterra eta zaintzailea– auzibidea zabaldu zuten ertzainek, ustez drogen trafikoan aritzeagatik eta delitu beragatik beste laugarren pertsona bat ere inputatu dute. Ikerketak zabalik jarraitzen duela jakinarazi du Ertzaintzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!