Ibiur urtegia sakonago ezagutu dute

Leyre Carrasco 2024ko mar. 24a, 12:02

Baliarraingo Ibiur urtegira bisita gidatua egin dute goizean; ura nondik datorren eta etxera iritsi bitarte zein prozesu jarraitzen duen ezagutzeko aukera izan dute bisitariek.

Pasaden ostiralean, martxoaren 22an ospatu zen Uraren Nazioarteko Eguna eta egun horri tiraka zenbait ekintza antolatu ditu Tolosako Udalak, Tolosako Ingurumen Zentroarekin elkarlanean. Horietako bat izan da gaur goizean egin duten Baliarraingo Ibiur urtegia eta araztegia ezagutzeko bisita gidatua, Aiala Eceiza eta Eli Gondat ingurumen hezitzaileek gidatuta.

Eguraldia lagun izan dute goiz osoan zehar, eta guztira, 50 lagun elkartu dira, urtegia sakonago ezagutzeko asmoz. Tolosako Santa Klaratik abiatuta, autobusean iritsi dira bisitariak 10:30ak aldera Baliarraingo urtegira, eta horiek bakarka, lagunartean edota familian animatu dira bisita gidatua egitera. Helduak ez ezik, haur ugari izan da, horregatik, bisitariak bi taldetan banatu dituztela azaldu du Eceizak. «Alde batetik, familiak egon dira, eta beste alde batetik, helduak. Gainera, ez da erdaldunik izan eta bi bisitak euskaraz egin ditugu».

Ura nondik datorren eta etxera iritsi bitarte zein prozesu egiten duen ezagutzeaz gain, urtegiaren funtzionamendua azaldu eta urtegiak kanpotik dauzkan lau ezaugarriak ezagutu dituzte. Urtegiaren lehen ezaugarria eta nagusiena pareta edo presa da, eta hori nola eraiki zen eta bere erabilera zein den azaldu dute. Bigarren ezaugarria, berriz, hodiak dira. Ibiurren bi hodi desberdin dituztela azaldu du Eceizak, «batzuk ura araztegira eramaten dutenak dira eta besteak hustubideko hodiak dira». Hirugarren ezaugarria gainezkabidea da. «Une honetan, 168,35 metrotako kotan dago eta bustita dagoela ikusten da. Horrek esan nahi du urtegia beteta dagoela eta ura daukagula». Azken ezaugarria giltzen gela edo balbulen gela da, eta hortik kontrolatzen dute urtegia.

Urtegitik etxera

Ibiur urtegia Gipuzkoako hamar urtegietatik berriena da. 2003. urtean hasi ziren urtegia eraikitzeko lanak eta Baliarraingo lurretan eraiki bazen ere, Baliarrain eta Orendain herrien artean dago kokatuta. Horretarako 200.000 metro kubiko hormigoi zituen horma ikaragarri bat eraiki beharra izan zuten, 63 metroko altuera, 9 metroko zabalera eta 230 metroko luzera dituena. Hori eraikita, 2010. urtean bete zuten lehen aldiz.

Ibiur urtegia zortzi hektometro kubiko ur jasotzeko prestatua dago, hori da bere betetze maila gorena eta azken urteetan kopuru horretara iritsi dela zehaztu du hezitzaileak, «une honetan dagoen bezala». Ur horrekin eskualdeko hamaika herritako ia 60.000 biztanle hornitzen ditu. Horiek dira Ikaztegieta, Alegia, Altzo, Tolosa, Ibarra, Anoeta, Irura, Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Andoain. Gauzak honela, urtegiaren garrantzia azpimarratu du Eceizak, «etxebizitzetara ura iristeko bidea hori baita».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!