Larunbatean, apirilaren 27an, ospatuko dute txekor jatea Baliarrainen. Beste hainbat urtetan bezala, Aramako loreen postua izango da bertan, eta menua ere ohiturari jarraituz antolatu dute: txorizo egosia, txekorra entsaladarekin eta, postrerako, bonba.
Urtero bezala, Gorostartzu baserrikoa izango da erreko duten txekorra; eta eguna girotzeko ardura Saioa Lizarralde eta Maddalen Arzallus trikitilariek izango dute.
Astelehenera bitarte 30 euroan egon dira salgai bazkari txartelak Baliarraingo udaletxean eta Ikaztegietako ostatuan. Larunbatera bitarte ere eskuratu ahal izango dira, baina bost euro gehiago balioko dute, guztira, 35 euro, alegia. Antolatzaileek aipatu dute dagoeneko 130 txartel inguru saldu dituztela; joan den urtean 180 bat lagun elkartu ziren egunean.
Berrikuntza batzuk
Aurten badute, ordea, berrikuntzarik: haurrentzako menua ere eskainiko dute. Helduen janari bera izango da, baina prezio merkeagoan: hasieran hamar euroan egon dira salgai, eta larunbatera bitarte hamabost euroan eskuratu ahal izango dira.
Antolakuntzatik azaldu duenez, herriko gazteenek ere «jaialdia eurena sentitzea» izan da helburua. Horrela, festaren jarraipena bermatu nahi dute, txikitatik haren parte izanez gero etorkizunean errepikatzeko gogoa mantenduko dutelakoan.