Herritarren parte hartzea bultzatzeko XIII. batzarra gaur Berastegin

Maier Ugartemendia 2014ko urr. 3a, 09:00

XIII. Herritarren Batzarra gaur izango da, 21:00etan, udaletxeko pleno aretoan

Berastegin XIII. Herri Batzarra egingo dute, gaur. 21:00etan izango da pleno aretoan eta besteak beste honako gai hauek jorratuko dituzte: kale argiak aldatzeko lanak, plaza ixteko parte hartze prozesuaren nondik norakoak, salontzoak eta kultur astea 2014, tasak eta zergak...

Aipatu bezala hamahirugarren batzarra izango da gaurkoa, jada «finkatuta» dagoen formatua da, beraz. Aritz Mujika alkatearen esanetan, gainera, jendea «gero eta gusturago» sentitzen dela batzarrean, eta herritarrak ere batzarretan parte hartzeko «irekiagoak» sentitzen direla uste du: «Bere dudak hobeto azaltzen ditu, bere iritzia emateko arazo gutxiago ditu...».

Batzarretan izaten den parte hartzearekin ere «gustura» daude. Normalean hogeitahamar bat herritarrek parte hartzen dute, eta ehun pertsona biltzera ere iritsi izan dira.

Proposamenak bideratzen
Aipatu bezala hainbat gai jorratuko dituzte gaurko batzarrean, Mujikaren esanetan denek ere antzeko «garrantzia» dute.

Kale argiei dagokien atalean, esate baterako, eskatutako diru laguntza bati esker herrian dituzten 120 farolen erdietan LED argiak jartzeko duten asmoari buruz hitz egingo dute. Honela, egun duten argiteriaren «kontsumoa jaisteko» asmoa dute. Horrela, aukeretako bat «leku gehiago» argiztatzea litzateke. Izan ere, orain kontsumoa «jaisten» badute eta argiteria zabaltzeko «beharra» sortuko balitz, aurreztutakoa hortan gastatzeko aukera egon daiteke. Jada aldatu behar dituzten argien «erdiak» aldatu dituzte.

Batzarrean jorratuko den beste gaietako bat, eta agian, ikusmin gehien sortu dezakeenetako bat plaza ixtearen proposamenarena da. Ez da lehen aldia gai hau mahai gainean jartzen dutena, aurreko batzarrean ere landu baitzuten.

Plaza ixteko proiektua parte hartze prozesu baten bitartez egin nahi dute, eta hortaz, gaurko batzarrean: «Noiz eta nola egin parte hartze prozesua, nola bideratu herritarren iritziak...». Udalak beraien proposamenak azalduko dizkiete herritarrei, eta gero denen artean erabakiko dute nola «bideratu» proposamen horiek.

Proiektu honetan, oraindik gauza asko «zintzilik» badaude ere, legegintzaldia amaitzerako proiektua «bideratuta» izatea gustatuko litzaioke Mujikari.

Herritarren artean proposamenak iritzi ezberdinak sortu ditu. Aurreko batzarrean gaia landu zenean, esate baterako, bi iritzi nabarmendu ziren Mujikaren ustez. Batzuek «gustura»  hartu zuten erabakia, plazak «aisialdirako leku bat» izan beharko lukeela iruditzen zaielako: «Umeekin lasai ibiltzekoa, kanpotarrak etorri eta tabernetan lasai ibiliko direna, oinezkoei lehentasuna emango dien lekua...». Beste batzuek, berriz, kezkak azaldu zituzten, batez ere: «Nola eragingo ote dien tabernei edo dendei, bertan bizi direnentzat zer eragin izango ote duen...».

Kultur astea prestatzen
Gaurko batzarrean abuztuan ospatu zituzten salontzoen balantzea ere egingo duten bertaratzen diren herritarrekin. Bestalde, aurrera begira, azaroan ospatuko duten kultur asterako azken kontuak lotzeko ere probestuko dute.

Azkenik, tasa eta zergen inguruan ere hitz egingo dute. Izan ere, datorren urteko zergetan «zer igoera» proposatu nahi duten elkarbanatu nahi dute herritarrekin, eta baita honen «zergatia» azaldu ere. Behin-betiko onartu aurretik, herritarren «iritzia» zein den jaso nahi dute.

Aipatutako gaiez gain, herritarrek «edozein galdera» egiteko aukera izango dute, batzarretan egin ohi duten bezala. Ahal duten heinean erantzungo diete, bestela apuntatu eta aurrerago erantzungo zaie.
Azkenik, udalak herritar guztiak batzar honetan ere parte hartzera «gonbidatu» ditu, herritar guztien «partaidetza eta elkarlanarekin» egin nahi baitute aurrera, eta horretarako horrelako batzarretan herritarrek hitza hartu eta iritzia emateko aukera ezinbestekoa dela uste dute.

UR SAREA HOBETZEKO LANETAN

Gipuzkoako Ur Kontsortzioak Berastegiko ur azpiegitura hobetzeko behar diren zenbait obra exekutatu behar ditu. Hori dela eta lanak hasi dituzte, eta bost aste iraungo dute. Herritarrek edozein zalantza izanez gero, udaletxean kontsulta ditzakete dagozkien planoak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!