Berastegiko XII. argazki rallya, asteburuan

Maier Ugartemendia 2014ko urr. 7a, 12:05

Argazki rallyan izena eman nahi duten herritarrek ostiralean, 20:00etan udal bulegoetara joan beharko dute; albistean iazko argazki rallyko zenbait argazki ikus daitezke

Berastegiko kultura batzordeak XII. Argazki Rally Herrikoia antolatu du. Urtero azoka bereziaren bueltan antolatzen dute argazki rallya. Aurtengoan urriaren 10ean, 11n eta 12an izango da, baina ohikoa den moduan azaroaren 2an, kultur asteareb amaieran antolatutako azokan, ezagutuko dira irabazleak.
Aurten ere argazkiak ateratzeko bi modalitate bereiztuko dira. Batetik, argazki kamera analogikoekin ateratako argazkiak. Bestetik, kamera digitalekin ateratako argazkiena.
Bi modaliteetako batean izena eman nahi duenak, hilaren 10ean, ostiralean, 20:00etan, udal bulegoetan izango du horretarako aukera. Argazkiak ostiraletik igandera bitarte atera ahal izango dira, eta amaiera igandean bertan emango zaio, 20:00etan, berriro ere udal bulegoetan.
Lehiaketarako baldintzak
Argazki kamera analogikoarekin parte hartzen duten argazkilariei, karrete bana emango diete antolatzaileek. Bakoitza hamabi argazkiz osatuta dago. Argazkiak ateratzeko gaia egunean bertan jakinaraziko da. Edonola ere parte hartzaileek Berastegiko mugen barruan atera beharko dituzte argazkiak, eta ateratako argazki guztien artean hiru aukeratu beharko dituzte.
Argazki kamera digitalekin ariko diren parte hartzaileei ere egunean bertan jakinaraziko diete antolatzaileek zer gairi buruz atera beharko dituzten argazkiak. Argazkiak Berastegiko mugen barruan atera beharko dituzte, baina gero ezingo dira programa ezberdinen bitartez manipulatu. Aukeratzen dituzten hiru argazkiak USB batean eraman beharko dituzte udal bulegoetara.
Irabazleak azoka berezian
Parte hartzen duten argazkilari eta argazkien artean, epai-mahai batek hoberenak aukeratuko ditu, eta azaroaren 2an, azoka egunean, ezagutaraziko dira irabazleak. Sariak ere bertan banatuko dituzte.
Argazki rallyan parte hartu duten argazkiak, kultur astean zehar erakusgai egongo dira aparkaleku azpiko lokaletan, ikusi nahi dituzten herritar guztientzat.
Kultura batzordeak herritar guztiei dei egin die argazki rallyan parte hartzera anima daitezen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!