Herriko Ostatua, berastegiarren biltoki

Andoni Uzkudun 2016ko uzt. 28a, 11:44

Harrera beroa izan du herrian Berastegiko Ostatuak. Maite Goikoetxeak hartu du ostatuaren ardura eta berastegiarrak kontentu daude beste elkartzeko leku bat izatearekin.

Martxan da herriko Ostatua Berastegin. Jende ugari gerturatzen ari da lehenengo egun hauetan. Ekainaren 17an inauguratu zuten eta hilabete ostean berarekin elkartu gara.

Maite Goikoetxea leitzarrak hartu du ostatuaren gidaritza, ostalaritza munduan ibilbide oparoa duen emakumea. Urte luzez, Leitzako Peritza tabernan ibili ostean, Berastegiko ostatua hartzeko aukera izan zuen. Bere ahizpa ere ibiltzen da lanean eta esku bat botatzen dio behar duten guztietan.

Goikoetxeak adierazi duenez, lanez «lepo» eta egunero «beteta» izan dute jatetxea. Oso gustura daude herrian izan duten harrerarekin eta horrela jarraitzea espero dute. Udaletxeak ostatua irekitzeko aukera jarri zuen berastegiarren esku eta herriko batzuk apuntatu ziren. Berari egokitu zitzaion aukera eta oso gustura dago.

Eguneko zentroa zen ostatua izan baino lehen. Herrian behar handia zegoen ostatua irekitzeko, orain arte taberna bat bakarrik baitzegoen herrian. Herritarrak biltzeko leku bat izatea beharrezkoa da batez ere herri txikietan. Herri giroa sortu eta adin ezberdineko jendearen artean erlazioa sortzeko aukera ematen du. Goikoetxeak esaten duen moduan, «herrian taberna gehiago egotea positiboagoa da jendea kalera ateratzeko». Abuztuaren 5ean festak hasiko dira eta taberna gehiagorekin «poteorako» leku gehiago edukitzea onuragarria da giroa sortzeko.

Eskaintza zabala da jatetxean dutena: eguneroko menuak, asteburuko menuak, ogitartekoak, hanburgesak, pizzak...Egunero dago zabalik astelehenetan izan ezik, atseden eguna izaten da.

Herrian zegoen beharrari aurre egiteko gogoz daude etorkizunera begira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!