Hala dio esaerak, bukaerakoa omen ederrena. Bada, itxura halakoxea du Berrobiko programazioak. Abuztuaren 25ean, 17:30ean emango zaie hasiera festei, txupinazoa eta trikitia tarteko. Segidan, sagardoa probatzeko eta afaltzeko tartea izango dute herritarrek; bukatzeko, Izer eta Alabier trikitilariek giroa alaituko dutelarik.
Bigarren egunean, lehiarako aukera izango da; izan ere, goizean toka txapelketa izango da, eta arratsean, trikiti doinuen konpetentzia nagusituko da. Iluntze aldera, aldiz, gastronomiari tartea zabalduko zaio, pintxo poteoa eta herri afaria direla eta. Egunaren hondarrean, Zesuma musika taldeak kontzertua eskainiko du.
Abuztuaren 27a ere egun oparoa izango da. Eguerdian, kuadrillen arteko bazkaria izango da, eta paella onena zein den ere erabakiko da, lehiaketa egingo baita. Arratsaldean, bingoan jokatuko dute Berrobiko herritarrek; jarraian, berriz, puntako bertsolariak euren ale onenak uzten ahaleginduko dira, bertso saioan. Goizaldeko 01:00etan, Hawaii-ko herritarrak balira bezala mozorrotuko dira zahar eta gazte, mozorro lehiaketan.
Festen azken egun garrantzitsuena izango da, abuztuaren 28a. Bezperako ajeak ekidite aldera, ogitarteko jatea izango da. 12:00etan, indarrak neurtuko dituzte pilotariek, helduen bi norgehiagoka izango dira. Arratsaldean, Anje Duhalde, musikari ezagunak emanaldia eskainiko du jendaurrean. Ez dira hor bukatuko musika doinuak, zahagi ardoaren ostean, Mirari, Joseba eta Kristinaren eskutik, erromeria egongo baita, herriko taula gainean. Tartean, barre egiteko unea izango da, Ester Poveda joango delako jendeari irri eginarazteko arma guztiekin.
Haurrak, txoratzen
Halatsu sentituko dira Berrobiko haurrak, herriko festen atarian. Ekitaldi ugari baitaude beraiei eskainiak.
Bigarren egunetik hasita, pilotan dibertitzeko abagunea izango dute; eta segidan, 11:00etan, puzgarriak, ohe elastikoak eta penalti jaurtiketan entretenituko dira herriko gaztetxoak.
Atseden hartzeko unerik apenas izango dute, arratsean, aparrarekin jolas egingo baitute, eguraldia lagun bada behintzat. Indarrak pilatu beharrean eta, askaria izango dute 18:00etan.
Abuztuaren 27an, animaliekin dibertituko dira, Gorriti etorriko baita aurten, lehen aldiz. Igandean, dantzarako dituzten abileziak erakutsiko dituzte guraso eta lagunen aurrean.
Irailaren 10a
Nahiz jaien egunik inportanteenak, abuztuaren 25etik 28ra bitarte izan; irailaren 10a ere egitarauaren parte bilakatu da aurten. Ekitaldiz dezente urriagoa izan arren, gainontzeko egunekin alderatuta, herritarrek ez diote uko egingo, ikasturtea indartsu haste aldera.
Korrika egiteko parada izango dute herritarrek, hurrengo urteko festei begira jarri aurretik. Gainera, bi kategoriatan banatuko da lasterketa: 18:00etan, haurren txanda izango da; 19:00etan, aldiz, helduena.
SAN AGUSTIN JAIAK
ABUZTUAK 25, OSTEGUNA
17:30. Txupinazoa, trikitia, kalejira eta buruhandiak.
18:00. Sagardo dastaketa, Izer eta Alabier trikitilariek girotuta.
21:30. Herriko plazan mahai eta aulkiak eskuragarri egongo dira nahi duenak bere afaria eta edaria ekar dezan.
23:30. Erromeria Izer eta Alabierren eskutik.
ABUZTUAK 26, OSTIRALA
09:00. Goiz eresia trikitilariekin
10:00. Haurren pilota partidak
11:00. Puzgarriak, ohe elastikoa eta penalti jaurtiketa saltarian lehiaketa, haur eta gaztetxoentzat.
11:30. Meza.
12:00. Toka txapelketa.
13:00. Erretiratuen hamaiketakoa.
16:00. Apar festa. Bainujantzia eramatea gomendatzen da.
17:30. Irristaketa arranpala akuatiko erraldoia frontoi inguruan.
18:00. Haur eta gaztetxoentzat askaria.
19:00. Trikiti txapelketa.
20:00. Pintxo-poteo herrikoia Solastoki Tabernan, Erre-Berri Okindegian eta Iriarte Jatetxean.
21:00. Herri afaria.
00:00. Kontzertua Zesuma taldearekin.
ABUZTUAK 27, LARUNBATA
08:00. Croissant goxoak eta txokolatea Erre-Berri Okindegian.
09:00. Goiz eresia trikitilariekin.
11:00. Gorriti eta bere animaliak.
14:00. Paella lehiaketa eta kuadrillen arteko bazkaria. Sagardoa, ura eta ardoa doan.
18:00. BerroBINGO. Sari potoloak banatuko dira plazan.
22:30. Bertso saioa: Jon Maia, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin eta Agin Laburu. Gai-jartzailea: Iker Iriarte.
00:00. Krakobia.
01:00. Mozorro lehiaketa: Hawaianoz jantzita.
Ondoren. Krakobiaren saioa.
ABUZTUAK 28, IGANDEA
07:00. Ogitarteko jatea Iturriza janari dendan. Eserlekuak eskuragarri egongo dira kanpoaldean.
11:00. Meza.
11:30. Haurrek dantzatutako agurra herritarrei.
12:30. Helduen pilota partidak: Egiguren-Erauskin eta Zubiria-Alberdi; eta jarraian, Urbieta-Altuna eta Santxo-Elola.
14:00. Bide-Ona elkartean bertso bazkaria.
18:30. Anje Duhalderen emanaldia.
20:30. Zahagi ardoa. Mahai eta aulkiak eskuragarri egongo dira. Sagardoa, ura eta ardoa doan txosnan.
21:00. Erromeria Mirari, Joseba eta Kristinarekin.
22:00. Monologoa Ester Povedaren eskutik.
Ondoren. Erromeria.
IRAILAK 10, LARUNBATA
17:00. BerroBIRA: haurren herri krosa eta sari banaketa.
18:00. BerroBIRA: helduen herri krosa eta sari banaketa.