Preso eta iheslarien eskubideen alde herritarrek topo egingo dute Ibarran

Maier Ugartemendia 2014ko urr. 9a, 10:00

Sare mugimendua "islatzeko helburuarekin" herritar talde bat bildu da Ibarran, eta larunbatean, kultur etxean, 10:30ean, egingo den topaketara joateko gonbitea luzatu dute

Larunbatean, hilaren 11n, Ibarrako kultur etxean euskal preso, iheslari eta deportatuen alde herritarren topaketa egingo da, Sare mugimenduak antolatuta. Bertan ahalik eta herritar gehienek parte hartzea da helburua.

Sare ekainean sortu zen arte, herritar ezberdinek hainbat pausu eman zituzten. Martxoaren 15ean, esate baterako, Donostiako San Telmo museoan eremu ezberdinetako hainbat herritar esanguratsu bildu ziren, eta gutxieneko puntu batzuk adostuta, Giza Eskubideen Aldeko Adierazpena aurkeztu zuten. Bertako puntuetan besteak beste honako hau adierazi zuten: «Horretarako giza eskubide hauek urratzen dituzten legeak aldatu behar badira aldatu daitezela».

Bertan aipatzen ziren gutxienekopuntu horien inguruan lan egiteko, herritar sare bat osatzeko beharra ikusi zuten. Hori dela eta, apirilaren 12an, Gogoeta Topaketak burutu zituzten Eskoriatzan eta mugimendu beriraren oinarriak finkatu zituzten. Horren guztiaren ondorioz, ekainaren 15ean preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko mugimendua aurkeztu zuten, Donostian; Sare izenekoa.

Ibarrako topaketa
Ibarran ere herritar talde bat sortu zen mugimendu berri hori «herrian islatzeko helburuarekin». Eta orain, larunbaterako topaketa bat antolatu dute. Topaketa honetan herritarrek egin dezaketen  «aportazioa» bildu nahi dute; preso, iheslari eta deportatuen eskubideak «urratuak» izan ez daitezen. Izan ere, euren esanetan «guztiok gara beharrezkoak» sare horretan, eta guztien artean lortu behar da «dispertsioarekin amaitzea, gaixo larriak etxeratzea eta salbuespen neurriekin amaitzea». Gauzak honela, giza eskubideen defentsan herritarren «sare zabal bat» osatzea da euren helburua.

Larunbatean ere horretan saiatuko dira, 10:30etik aurrera, kultur etxean egingo duten topaketan. Eta topaketa horretan interesa duen orori ere «gonbidapena» luzatu diete, Ibarrara joan daitezen, mugimendua gertutik ezagutzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!