Galtzakomiken edizio berri batek ateak zabaldu ditu

Maier Ugartemendia 2014ko urr. 23a, 11:00

Euskara hutsez egindako komikiak azaroaren 28rako aurkeztu beharko dira Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan

Galtzaundi Euskara Taldeak, Ibarrako Udalarekin elkarlanean beste urte batez Galtzakomik komiki lehiaketa antolatu du. Lehiaketa honek sortu zenetik «euskarazko komikigintza sustatzea eta idazmena eta sormena euskaraz lantzea» izan ditu helburu.
Aurtengoa zazpigarren edizioa izango da. Jada finkatuta dagoen lehiaketa da Galtzakomikena. Izan ere, lehen urtean 80 lan inguru jaso zituzten, baina azken urteetan 150 lanen bueltan dabiltza. Lanak Euskal Herri osotik aurkezten dituzte. Pasa den urtean 18 urtetik gorakoen sailean irabazlea Maitane Gartziandia hernaniarra izan zen.
Aurtengo edizioaren txanda ere iritsi da, azaroaren 28ra arte komikiak sortzeko aukera zabalik dago. Komikiak bakarka landu behar dira, eta gaia librea da, beti ere eduki sexista edo arrazistarik ez duen komikia bada. Gainera, ezinbestekoa da lan guztiak jatorrizkoak eta argitaragabeak izatea. Horrez gain, hasieran aipatu bezala lehiaketaren helburuetako bat sormena euskaraz lantzea denez, beharrezkoa da lanak euskara hutsean aurkeztea, eta erabilitako euskararen kalitate maila ere kontuan hartuko da.
Lehiaketan jatorrizko lana aurkeztu behar da eta baita ordenagailu bidez sortu edo tratatuak izan direnak ere. Lan bakoitzak A-4 neurriko lau orri izango ditu gehienez.
Lanak Galtzaundiko egoitzan aurkeztu beharko dira, bertara eramanez edo postaz bidalita. Komikian ezin da autorearen izenik jarri. Horregatik, gutun-azalean aurkeztu beharko dira lanak, sinadura eta izenik gabe, izenburu batekin. Autorearen datuak, berriz, beste gutun-azal batean aurkeztuko beharko dira, izenburu berarekin. Gutun-azal hori lehenengoan sartuta aurkeztu beharko da.
Sari banaketa eta erakusketa
Epaimahaiak ez du lan erraza izango aurkeztutako lan guztien artean saridunak aukeratzen, baina lan honetarako ere esperientzia handiko epaimahaikideak aukeratu dituzte. Lan horretan ariko dira Box-a, Joseba Antxustegietxarte (Galtzaundiko komikilaria), Juanba Berasategi (marrazkilaria eta zine zuzendaria), Kike Amonarriz (komikizalea eta komikigintzan aditua), Jose Luis Longaron (Tolosako margolaria) eta Nagore Amenabarro (margolaria).
Irabazleei sariak abenduaren 12an Ibarrako kultur etxean, 19:30ean egingo den sari banaketan banatuko zaizkie, eta saritutako lan horiekin eta komiki lehiaketan jasotako lanekin erakusketa bat zabalduko da, egun horretatik abenduaren 19ra bitarte.
Lanak hiru taldetan banatuko dira: 12 urtetik beherakoak, 12 urtetik 18ra bitartekoak, eta 18tik gorakoak. Guztientzat izango dira sariak, gainera. 12 urtetik beherakoentzat saria komiki bilduma eta marrazketarako materiala izango dira. Aipamena jasotzen duten hiru pertsonek komiki bilduma bana jasoko dute, eta Ibarrako komikirik onena egiten duenak opari txekea eta komiki bilduma. 12 urtetik 18ra bitartean bi sari banatuko dira. Lehenak 300 euro eta marrazketako materiala jasoko ditu, bigarrenak 100 euro eta komiki bilduma, eta bi aipamen bereziek komiki bilduma bana. Ibarrako komikilaririk onenak opari txekea eta komiki bilduma jasoko ditu. Eta 18 urtetik gorakoen artean saria 1.000 euro eta argitalpena izango da.
Aipamena jasotzen duenak bi pertsonentzako afaria jasoko du. Gainera, parte hartzaile guztien artean Mahala Baserriko Produktuen saskiak zozketatuko dituzte.
Informazio gehiago nahi dutenek Galtzaundi Euskara Taldean jaso dezakete, 943 655 004 telefono zenbakira deituta edo kultura@galtzaundi.com helbidera idatzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!