Abentura eta kirola, bat eginik

Maitane Garmendia eta Beñat Doyharzabal ibartarrek hiru urte daramatzate Euskal Herriko ligan parte hartzen; hurrengo hitzordua, ordea, Europako Ligan dute.

Abenturari lotutako kirol ezberdinak maite dituztenek ezagutuko dute agian, orientazio raid-a. Hain zuzen ere, abenturari lotutako kirolei eta izenak dioen moduan orientazioari lotutako kirola da. Euskal Herrian azken urteetan zabalkunde handiagoa izan badu ere, oraindik ez da oso ezaguna. Eskualdean bada kirol mota hau praktikatzen duen bikote bat; Maitane Garmendia eta Beñat Doyharzabal ibartarrek osatzen dutena.

Doyharzabalek azaldu bezala orientazio raid-ak «gauza asko nahasten ditu: orientazioa, estrategia, taldekideekiko laguntasuna eta horrez gain kirol ezberdinak; adibidez: mendi bizikleta, korrika, eskalada, rafting, kayaka, espeleologia…». Horrek kirol ezberdinetan aditua izatea beharrezkoa dela pentsaraztea, baina Garmendiaren esanetan denetan «saltseroak» izatea da garrantzitsuena. Gainera, horrek aukera polita ematen diete gustuko dituzten kirol guztiak proba bakar batean praktikatzeko.

Orientazio raid-ean, aipatu bezala, «fisikoak bere garrantzia» badu ere, «ondo orientatzea» eta «estrategia on bat» garatzeak ere ezinbesteko garrantzia dute; horren adibide, Doyharzabalek aipatu bezala lasterketa askotan «puntako kirolariek» parte hartu izan dute, aurreikuspen bikainekin, baina gero lasterketetan «galduta» ibili izan dira. Beharrezkoa den orientazio hori lortzeko mapa batzuk ematen dituzte probako antolatzaileek, non «pistak, bideak, bidexkak…» agertzen diren, eta bertan «erreferentzia» bezala hartzen dituzte «errekak, ibaiak, basoak, etab». Halaber, mapan puntu ezberdinak jartzen dizkiete eta helburua da «ahalik eta puntu gehien hartzea, denbora gutxienean».

Bikoteak duela hiru urte izan zuen kirolaren berri «lagun baten bitartez», orduan izan zuten raid-aren Euskal Herriko ligaxkaren berri, eta ordutik kirol honetan barneratuta jarraitzen dute. Zubirin izan zen beraien lehen proba hura, aldi berean, ligaxkako 2012ko azken proba izan zen. Orduan, «hasiberriak» ziren eta Garmendiaren esanetan ez zekiten oso ondo «kirola zer nolakoa» zen. Lehen kontaktu hura «gustatu» zitzaien, eta hurrengo urtean ligan parte hartzea erabaki zuten. Hortaz, aurten Euskal Herriko ligan parte hartzen duten hirugarren urtea da.
 
Hala ere, aipatu behar da ligan parte hartzen hasi aurretik raid-aren berri bazutela, nahiz eta telebistako emanaldi ezberdinen bitartez izan: «Telebistan taldeka mundu mailan egiten zituzten probak ikusten genituen. Australian edo Brasilen egiten ziren raid-ak. Horietan taldea lau kidez osatuta dago eta proba luzeagoak dira: hiru egun, lau egun, astebete… Horiek gustatu bai baina oso urruti ikusten genituen». Beraiek praktikatzen zituzten kirol ezberdinak telebista bitartez bada ere, proba batean nola elkartzen ziren ikusten zuten, eta horrek barneko arra piztu zieten. Horregatik, gerora Euskal Herrian proba horiek burutzen zirela jakin zutenean aurrera egitea erabaki zuten.

Raid motak

Garmendiak eta Doyharzabalek batez ere Euskal Herriko ligako probetan parte hartzen dute, eta proba hauek zazpi ordu ingurukoak izaten dira. Baina, raid-en barruan modalitate ugari daude, proba bakoitzero aldatzen baitira bai kirolak eta baita parte hartzaile kopurua ere. Kirolei dagokienez, normalean «mendi bizikleta eta korrika beti» egiten direla dio Doyharzabalek, eta gero proba egiten den lekuaren arabera egokitzen dira bestelako probak, kayaka edo eskalada esate baterako. Baina, Euskal Herrian herri kirolak burutzea ere egokitu izan zaie.

Nolako probak izango dituzten lehenagotik jakiten dute «normalean», etapa bakoitzeko distantziak eta desnibelak, baina ez dute jakiten «nondik nora» izango diren; mapak, berriz, «momentuan» jasotzen dituzte eta mapa horien irakurketa egin behar izaten dute.

Aipatu bezala, Euskal Herrian burutzen diren probek orohar zazpi ordutako iraupena izaten dute, eta zazpi ordu horien barruan ibili «beharra» dute. Gehiago behar izanez gero, puntuak «galdu» egiten dituzte. Maiatzean abiatu da aurtengo Euskal Herriko Orientazio Raid-en liga. Iaz zazpi proba izan baziren ere, oraingoz bost proba izango dituzte aurten. Lehenengoa Lizarran izanda, eta ondorengoak Ondarroa, Elgoibar eta Errioxan izango dira, besteak beste: «Probintzia ezberdinak hartzen dituzte». Garmendia eta Doyharzabalen asmoa aurten Tolosaldean ere proba bat antolatzea zen, baina antolakuntza mailan «asko exijitzen duen» proba bat da, eta aurtengoan «ezinezkoa» izan da azkenean. Hala ere, 2016an Tolosaldean ere probaren bat izatea espero dute.

Bestalde, proba guztiak «urtean sakabanatuta» izaten dira, «ez da estresagarria» izaten eta «askatasuna» ematen diete.

Taldekide kopuruei dagokienez, berriz, Euskal Herria mailan beti «binaka» parte hartzen dute, eta hiru taldetan banatzen dira; mutilek osatutako bikotea, neskek osatutakoa edo talde mixtoa. Euskal Herriko ligan, esaterako, 80 bikote inguruk parte hartzen dute; nahiz eta Lizarran jokatu zen lehen proban 20-25 bikote inguruk parte hartu. Beharrezkoa da bikotea «batera» joatea: «Bikotea bananduta doala ikusten badute kaleratu egiten dituzte».

Espainiako Txapelketan, aldiz, Garmendiak eta Doyharzabalek pasa den asteburuan parte hartu zuten lehen aldiz, eta hogeita lau orduko proba zen, eta bertan taldea hirukoa izatea ezinbestekoa zen. Europa mailan eta mundu mailan egiten diren raid-ak, iraupen «luzeagokoak» izaten dira (hiru, lau egun edo astebete) eta taldeak laukoak izaten dira.

Prestaketa luzeak

Raid mota ezberdinak izateak, eta guztietan kiroleko arlo ezberdinak landu behar izateak, probaren beraren prestaketa zaildu egiten du. Proba hauen «oinarria» mendi bizikleta eta korrika direla dio Garmendiak, eta horregatik, astean zehar «mendi bizikleta edo mendian buelta bat» egiten dute korrika. Asteburutan, ordea, entrenamendu luzeagoak egiten saiatzen dira, kirol ezberdinak konbinatzen: «Hiru-lau ordu bizikleta, beste bi ordu korrika, berriro bizikleta hartu».

Hala ere, entrenamendu hauek «beste filosofia batekin» hartzen dituztela dio Doyharzabalek, Gorbea, Aralar edo Urbasara joan eta «asteburu pasa» moduan; nahiz eta entranamenduak diren azken finean.

Mapen irakurketarena eta orientazioarena, berriz, «esperientziarekin ikasten joan» direla diote: «Akatsak eginez eta probaz proba ikasten».

«Hasiera ona ligari»

Aipatu bezala, maiatzean, Lizarran, jokatu zuten Euskal Herriko ligako lehen proba, eta emaitza ezin hobeak izan zituzten Garmendiak eta Doyharzabalek, lehen postuan geratu baitziren: «Hasiera ona eman diogu ligari».

Proba guztiak ezberdinak izaten dira, aipatu bezala. Lizarrakoa, esaterako, «zazpi orduko raid-a» izan zen, eta helmugara «minutu baten faltan» iritsi ziren. Sei etapatan banatuta zegoen. Lehenengoa «oso motza» izan zen, herri orientazioari lotutakoa. Hurrengoan bizikletak hartu behar izan zituzten; hiru zatitan banatuta zegoen eta mapak emandakoan erabaki behar izan zuten zein zentzutan egin. Tartean bi trekking ere egin behar izan zituzten, bata 14 km ingurukoa eta espeleologia ere landu behar izan zutena. Bestea, 7-8 km ingurukoa. Tarte guzti horretan bestelako proba «berezi» batzuk ere izan zituzten: «Uretako proba bat eta tirolina bat». Helmugara bizikletan iritsi ziren.
 
Gainera, irabazleak izan arren, zailtasun batzuk bizitzea ere egokitu zitzaien, Doyharzabalek zenbait arazo izan baitzituen: «Hasi eta bosgarren minutuan lurrera erori nintzen. Mapak eramatekoa askatu zitzaidan bizikletan. Hori jarri eta urduritasunarekin berriro abiatu ginenean, Maitaneri bizikletako desbideratzailea erabat okertu zitzaion. Berriro geratu behar izan genuen eta sutan geunden. Abiatu eta berriro lurrera erori nintzen, dezenteko mina hartuz. Azkenean erritmoa hartu eta ondo bukatu genuen».

Espainiako Txapelketa

Espainiako Txapelketako proba batean hartu zuten lehen aldiz parte pasa den asteburuan, Riglosen (Aragoi); 24 ordu inguruko proba. Esperientzia «polita» izan arren, «pena» dute proba ezin izan zutelako amaitu. Proba honetarako hirugarren ibartar bat ere «fitxatu» zuten eta «talde polita» osatu zuten, baina Doyharzabal hasieratik «gaizki» aurkitzen zen, eta hamabi ordutan egitea lortu bazuten ere, «arrastaka» zihoanez probarekin «ez jarraitzea» erabaki zuten.

Gutxienez txapelketako «proba bereziak» egitea lortu zuten eta horregatik pozik daude: «13 km-ko trekking bat egin genuen, kayaka 9 km, mendi bizikletako 40 km inguru, eta hurrengo etapan trekking luze bat lau proba berezirekin: sakan jaitsiera, via ferrata bat, eskalada eta laser tiroa». Orduan, raid erdira iritsi ziren, 21:00ak ziren eta gaueko frogetan sartzea «arriskutsua» izan zitekeela ikusi zuten, Doyharzabalen egoera fisikoa ikusita.

Espainiako Txapelketa, Euskal Herrian ez bezala, bi kategoriatan banatzen dute: «Gurea elite kategoriako proba zen, gehienez 29 ordu iraun zezakeena eta bertan hogeita hamasei talde geunden. Beste kategoria abenturakoa zen, bi etapatan banatuta: 09:00etatik 03:00etara eta igandean 09:00etatik 02:00ak arte. Hor beste hirurogei talde inguru».

Proba honek Euskal Herritik kanpo ere «zer dagoen» eta «zer maila» dagoen ezagutzeko balio izan diete, eta ikusi dute Herrialde Katalanetan eta Galizian, esaterako, raid-ak «ezagunagoak» direla, eta Galizian, gainera, «maila handia» dagoela dio Garmendiak. Euskal Herriko ligako probekin alderatuta, halaber, Doyharzabalek dio bertakoak «lagunen arteko» probak direla «ia-ia»: «Denok ezagutzen dugu elkar». Baina, Espainiakoan «jendeak profesionaltasuna» ematen dio lasterketari.

Europako Txapelketa jomugan

Euskal Herriko ligako esperientziarekin, eta Espainiako txapelketako proba horren ondoren, hurrengo helmuga Europako Ligako raid bat dute Garmendiak eta Doyharzabalek. Aran bailaran izango da, uztaila hasieran eta bertan parte hartzeko lauko taldea osatu dute, beraiez gain Ondarroa eta Elgoibarko pertsona bana izango dituzte taldean. Esperientzia hau ere berria izango da beraientzat, «hiru egun eta hiru gaueko» proba izango baita. Iraupen «askoz luzeagoa» duenez, proba «erritmo lasaiagoan» egiten da eta «beste filosofia batekin» hartuko dute proba.

Proba luzeak dira eta antolakuntzak, esaterako, egunean «hiru edo lau ordu geldirik egotera behartzen zaitu», nahiz eta talde bakoitzak erabakitzen duen noiz hartu atseden horiek. Gainera, mota honetako frogetan, taldean lau kide izanda, «elkar ulertzea» eta «bat egitea» ere ezinbestekoa izaten da.
 
Guzti hori kontutan hartuta, beraien helburua «ez da» Europako Txapelketan ibiltzea, baina Araneko Raid-ean parte hartu nahi zuten, eta proba hori Europa mailakoa izatea suertatu da. Bide batez, «zer nolako maila» dagoen ikusi eta «gure buruak proban» jarriko dituzte.

Proba honetara joateko ideia Euskal Herriko ligatik sortu zen: «Gu ligan lehenengo gelditu ginen bikote mixtoetan, eta mutiletan Euskal Raid taldea geratu zen. Haiek gurekin kontaktuan jarri ziren taldea osatu eta hara joatea gustatuko litzaigukeen galdetuz, eta ezetz esaten ez dakigunez…».

Kirolei dagokienez, Europako Txapelketetan ere mendi bizikleta eta korrika «oinarri» dituzte, baina distantziak «luzeagoak» dira. Azken finean, denetan abentura kirolak dira proben oinarri.

Kirola ezagutzeko gonbitea

Aipatu bezala, raid kirola ez da oso ezaguna. Horregatik Garmendiak eta Doyharzabalek abentura kirola gustuko dutenak kirol honetan lehen pausoak ematera «animatu» nahi dituzte. Jendeari «jakin-mina» sortzen dion kirola dela diote, eta jakin-min hori asetzeko Euskal Herrian liga badagoela eta probak inguruan izaten direla gogorarazi nahi dute; norbaitek probatu nahiko balu.

Eta zazpi orduko probetatik hasi nahi ez duenarentzat ere «orientazio probak» ere izaten dira Doyharzabalen esanetan «bizikletan, oinez edo korrika bakarrik» egiten direnak eta 3-4 orduko iraupena izaten dutenak.

Gipuzkoako Orientazio Taldea da «inguruan» proba horiek antolatzen dituena: «Azkenekoa Andoainen izan zen, Andatza inguruan bizikletaz eta hiru orduko proba izan zen. Ulian ere antolatu zuten Donostian, oinezkoa eta bi ordu inguruko iraupena zuena». Hau da, lehen pausoak eman nahi dituenak «ez duela hasieratik salto hori eman beharrik, zazpi orduko probak eginez eta hainbeste kirol ezberdinekin».

Garmendiak dioen moduan «orientazio proba errazagoak» egiteko aukera bikaina izan daitezke. Gainera, Doyharzabalek gehitzen duen moduan proba «herrikoiak» izaten dira eta «familian» parte hartzeko aukera ere ematen dute.

Azken finean, honakoa «kirola egiteko beste modu bat» bezala ikusten dute, eta horretan zalantzarik gabe asko gozatzen dute Maitane Garmendiak eta Beñat Doyharzabalek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!