Garmendia eta Doyhartzabal hirugarren, Aran Raidean

A.Imaz 2015ko uzt. 8a, 14:38

400 kilometroko lasterketa egin dute hiru egunetan, kirol desberdinak partekatuz.

Raid Aran hiru eguneko lasterketan hirugarren egin dute Maitane Garmendiak eta Beñat Doyhartzabalek. Ibartarrekin batera, Ondarruko Haitz Larrinagak eta Elgoibarko Imanol Garaizabalek osatu dute Euskal Raid taldea.

«Gure helburua lasterketa amaitzea bazen ere, azkenean podiumeko hirugarren postua lortu dugu. Emaitza ezin hobea, Europako liga izanik maila handia baitzegoen bertan», esan du Garmendiak. Lasterketa gogorra izan zela dio ibartarrak: «400 kilometro, eta 16.000 metroko gorantzko malda; 76 ordutan zehar, non-stop formatuan, hau da, geldialdirik egin gabe. Bigarren gauean, antolakuntzak derrigortutako 4 orduko geldiadia bakarrik egin genuen, mendiko trekking-ean vivac bat eginez 2300metroko altueran». Eguraldia beroak gainera, oraindik eta gogorrago egin zuen proba.

Lasterketa 16 etapa ezberdinetan banaturik zegoen, kirol modalitate ezberdinak eginez: mendi bizikleta, trekking, rafting, kayak, arroila jaitsiera, eskalada, paddle surf eta via ferrata.
Garmendiak azaltzen duenez, horrelako proba luze batean lehen aldia zuten. Orain, hiru aste dituzte errekuperatzeko. Uztailaren amaieran Irlandara joango dira, Europako Txapelketa jokatzera, Vallfosca talde katalanarekin. Hangoa ere hiru eguneko proba izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!