Garai bateko ezkontzara gonbita

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko uzt. 29a, 15:17
2005ean egindako herri antzerkiaren taldeko argazkia

Hauspoa Kultur Elkarteak 2000 urtean hasitako ohiturarekin jarraituz kale antzerkia egingo du jaietan. Aurten garai bateko ezkontza berriz ere antzeztea erabaki dute.

Urteak daramatza Ibarrako Hauspoa Kultur Elkarteak herriko jaietan kale antzerkia egiten. Garai bateko gertakariak izaten dira beti gai nagusia, eta horretarako herriko artxibora jotzen dute. Horrela, kalea hartzeaz gain, herritarrak protagonista egiten dituzte eta bide batez, garai bateko bizimodu, ohitura, janzkerak eta abar berreskuratzen dituzte egun batez. Aurten garai bateko ezkontza ekarriko dute gogora. Ez dira, hala ere, erabat ortodoxoak eta beraien erara moldatzen dituzte garai bateko gertakizun horiek.
Hirugarren aldiz antzeztuko dute garai bateko ezkontza eta herritar guztiak gonbidatu dituzte ekitaldian parte hartzera. Ezkontza bat izaki, ezin gonbidapen gabe festan parte hartu eta herritar guztiek jasoko dute gonbidapen bat euren postontzietan.

1998. urtean sortu zen ideia
Jexux Peñagarikanok Hauspoaren izenean azaldu duenez, 1998. urtera egin behar da atzera kale antzerkiaren sorburura jotzeko. «Urte hartan Kilometroak egin zen Tolosan eta San Blas inguruan antzinako ezkontza egin zuten. Hortik bi urtera festetan zerbait desberdina egin nahi genuela eta garai bateko ezkontza egitea erabaki genuen».
Antzinako ezkontza bi aldiz egin dute eta lehenengoan asko landu zuten gaia: «Nahiko fidela egin genuen; andregaiaren bila nola joaten ziren antzeztu genuen, idiak nola janzten ziren erakutsi... Aurretik euskal jantzien inguruko hitzaldi bat antolatu genuen. Festaz gain, zerbait didaktikoa ere egin nahi genuen». Bizkardo baserrian hartu zuten andregaia.

Aurten ez dute ezkontzaren erretratu fidela egingo, «azken urteetan gure erara egiten ditugu antzerkiak, egokitu egiten ditugu. Oinarri historikoa izaten dute beti antzerkiek, baina beti gurera ekarrita», esan du.
Gauza batzuk mantenduko dituzte hala ere, idiak janztearena esaterako. Hori ere aurten ikusi ahal izango da eta Olasagasti gerturatuko da Ibarrara, idiak janzteko.

Urtero herritarrak izaten dira protagonistak, nahiz eta batzuetan antzezleak lortzeko arazoak izaten dituzte, mutilak lotzeko, batez ere. Izan ere, ez dira gutxi, 50 pertsona inguruk hartzen dute parte eta guztiak lotzea zaila izaten da. Kale antzerkia da, baina baita kalekoa ere. Kalejiran egiten baitute. Eta hori ez da kasualitatea: «Irudipena genuen festetako ekitaldi gehienak plaza inguruan egiten zirela eta gure nahia zen herriko beste zenbait auzo eta lekutara ere iristea, eta jaia zabaltzea». Hori dela eta, antzerkia kaletik egiten dute, eta geldialdiak egiten dituzte herriko hainbat tokitan. «Leku batean abesten dugu, beste batean dantza egin, hamaiketakoa ere izaten dugu...», esan du Peñagarikanok.


Aurtengo aldaketak
Urtero herri sarreratik hasten dira, baina aurten plazan hasiko dira. Lehenago hala ere, besteetan bezala aurtengoan ere, pregoilariak iragarriko du ezkontza herri guztian zehar.

Ondoren elkartuko dira plazan, 10:45ean. «Diana eta pregoia egongo dira ezkontza iragarriz eta herritarrak gonbidatuz. Plazatik abiatuko gara eta senargaia egongo da bertan. Senargaiarekin batera bere lagunak eta eskopetariak egongo dira plazan. Itzaia eta idiak ere plazan egongo dira eta jantzi egingo ditugu, uztarriak eta jarriko dizkiegu. Senargaiaren arreoa jarriko dugu gurdian eta Aranera joango gara, emaztegaia bertan egongo baita», azaldu du Arantxa Beainek. Hor «tranpa» batzuk egingo dituztela gaineratu du Peñagarikanok, izan ere, emaztegaiaren bila etxera joaten ziren, baina guk birmoldatu egingo dugu».
Aranen andregaiak bere arreba jarriko du gurdian eta han hamaiketakoa egingo dute. «Handik Idoiagako etxeetara buelta eman eta Harkaitz Azpitik barrena Danon Txokoara joango dira eta kopla batzuk abestuko dituzte senargaiaren eta andregaiaren lagunek», azaldu du Beainek. Handik Txumitxa tabernako atzealdera joan eta bertan dantza egingo dutela ere aurreratu du Hauspoako kideak. Ezkontza bera plazan egingo dute eta herriko abesbatzak ere abestuko du.

«Herritar guztiak gonbidatuta daude ezkontzan parte hartzera. Garai bateko jantziak ekarri ditzatela eta festan parte hartu dezatela», esan du Beainek.

 

Garai bateko ezkontza

Abuztuak 22, larunbata

  • 10:45ean elkartuko dira plazan eta hortik Aranera joango dira. Hamaiketakoa egingo dute bertan. Hurrengo geldialdia Danon Txokoa tabernaren inguruan egingo dute eta ondoren, Txumitxa tabernako atzealdeko plazara joango dira. Plazan bukatuko dute antzerkia.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!