Bartzelonan noizbait izanak ginen lauok, baina inoiz ez Kataluniaren egunean. Hara iritsi eta egun handi hori ezagutzeko ilusio bera geneukan denok. Helburua hori zen, Euskal Herritik elkartasun eta babes apur bat eman, inbidia dexente pasa eta egun hori bizitu, sentitu…  gureganatu.

Ongi prestatuta atera ginen etxetik, gure ikurrinak, Euskal Presoen banderolak, kamiseta egokiak eta independentisten zapiak. Garrantzitsua zen, euskaldunak ginela eta kataluniako bidea babesteko asmotan heldu ginela adieraztea. Bezperan, bertako lagun batzuekin elkartu ginen, Euskal Etxean izan ginen eta kalean kartelak ipintzen ari zen CUPeko neska-mutil talde batekin kontutan ere egon ginen. Jendea urduri sumatzen genuen, iaz baino apalagoa izango oten zen, giro epela nabaritzen zela…, zenbaki duinetara ez iristeko beldurra usaintzen zen.

Biharamunean beldur guztiak desegin ziren. Arratsaldeko 15:30erako metroan kolapsoa zegoen, taxietan ocupat ikusten genuen… beraz, via lliurera iristeko aukera bakarra oinez abiatzea zen eta gu bezala, beste milaka persona. Kamiseta txuri eta estelada ugarien artean, halako batean, iritsi ginen Meridianara eta garbi ikusi genuen egun hura historikoa izango zela. Inoiz ez genuen halako manifestazio jendetsu batean parte hartu eta sentsazioa izugarrizkoa zen, oilo ipurdia jartzen zuen.

Euskaldunok egon behar genuen toki zehatzera iristeko, Meridianaren punta batetik bestera joan behar izan genuen baina ibilaldiak merezi izan zuen. Bai horixe. Bide guztian zehar, “in, inde, independentzia” oihukatuz eta gure ikurrina eta presoen banderola soinean, kataluniarren esker beroak jasotzen joan ginen, batzuk harriduraz, besteek alai, negarrez ere bat edo beste, baina guztiak ‘eskerrik asko etortzeagatik’ errepikatzen zuten.

Castellers, erraldoi, dultzaina, batukada, zanpantzar…, denetarik zegoen han, jai-giro izugarria eta atsegina. Jendea pozik, halako ekintza arrakastatsuek ematen dizuten harrotasun horrekin begirada irailaren 27an jarrita, baina jada, independentzia ospatzen.

Visca Catalunya lliure! gora Euskal Herria askatuta! Bi herri, norabide bat.    

Josune Agirrezabala, Bittor Etxeberria, Anaje Urkola eta Ainhoa Muñagorri

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!