Auzoko egitasmoa berriro ere martxan jartzeko asmoz

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 9a, 12:00

Euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara hurbiltzeko proiektu honek iaz izandako arrakasta ikusita aurten ere programarekin jarraituko du udalak; lehenengo bilera, urriaren 13an, asteartea, 19:00eta izango da, kultur etxean

Proiektua iaz jarri zen martxan Ibarran, baina Uemak eta Euskaltzaleen Topaguneak partekatzen zuten kezka batetik sortu zen, galdera horri erantzuna bilatu nahian: "Nola lor dezakegu euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara hurbiltzea?".

Auzoko egitasmoak "euskara, aniztasuna eta herritarrak" biltzen dituen proiektua da, eta antolatzaileek "anitza" dela azpimarratzen dute, Euskal Herrian dagoen errealitatea hori delako. Gainera, honela, "herritarrak elkarren artean harremantzeko eta elkar ezagutzeko aukerak" sortu nahi dituzte. Bere leloa "Anistasunean, elkarbizitza euskara!" da.

Udalak ere herritar ezberdin horiek elkartu nahi ditu: "Jatorri eta hizkuntza desberdinetako ibartarrak harremanetan jartzea da garrantzitsua, eta hori euskaraz egitea. Horregatik Ibarran, Euskal Herriko beste hamar udalerritan bezala proiektu honen aldeko apustua egin du udalak".

Ibarran, nola egingo da?

Planteamendu hau aurrera eramateko astean behin bilduko dira auzotarrak (euskaratik hurbil bizi diren pertsonak) eta auzokideak (euskaratik urrun bizi direnak). Horregatik, azpimarratzen dute ez dabiltzala etorkinen bila, herritar guztiei egiten diete bertan parte hartzeko deia. Saioetan, berriz, aisia, euskara eta kultura uztartuko dituzte: "Errepikapenen bidez, euskara ikasteaz gain, sukaldaritza elkartrukeak, irteerak, jolasak... egingo dira".

Honenbestez, asteartean, urriaren 13an, 19:00etan izango da lehen bilera kultur etxean. Herritar guztiak bertara "gonbidatu" dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!