Piperraren zikloa ezagutzen

789 taldeak eta Uzturpe ikastolak Ibarrako piperraren inguruko lanketa egiten dute iaztik; piperraren prozesu    guztia lehen eskutik ezagutuz eta biziz

Piperra da Ibarrako ikurra, eta bertakoentzako hain berezia den produktua denez, 789 taldeak eta Ibarrako Uzturpe ikastolak duela bi urtetik piperraren prozesu osoarekin lanketa berezia egiten dute. Gaurkoa izan da prozesuari amaiera emateko eguna. Hain zuzen ere, piperrak bildu, garbitu eta ozpinetan potoratu dituzte DBH 4. mailako ikasleek. Gainera, gero norberak osatutako potoa etxera eramateko aukera izan du. Beti ere 789 taldeko kideen azalpenak gertutik jarraituta. Zalantzarik gabe gelan geldirik egonda baino gusturago ibili dira baratzean lanean.

Ander Lizaso 789 taldeko kideak azaldu duenez, «4.000 landare» landatu zituzten maiatzean, eta iazkoarekin alderatuz «uda oso ona» izan denez, produkzioa espero bezalakoa izan dela azaldu du. Urriaren amaiera gertu dago, eta Lizasok aipatu bezala «hotzak hasi dira». Horregatik, landareak «bere onena» eman duenez, piperraren prozesuari amaiera eman diote.

789 talde ibartarraren helburua piperra «jendarteratzea eta herriratzea» da. Helburu horren barruan kokatzen da hain zuzen ere, Ibarrako Uzturpe ikastolarekin abiatutako Piperraren zikloa proiektua. Duela bi ikasturte hasi zuten proiektua, eta «oso harrera ona» izan zuenez beraiek ere «oso gustura» daudela azaldu du Lizasok.

Horrez gain, herrian ere taldearen eta dituzten proiektuen inguruan «gero eta gehiago» galdetzen dietela dio Lizasok. Udan, esaterako, «behin ere» piperrik biltzen aritu gabeko pertsonak «boluntario» bezala piperrak biltzen aritu ziren, piperraren mundua gehiago ezagutzeko.

Gazteek ere gaiarekiko azaldutako interesarekin «harrituta» geratu dira, etengabe galderak egiten baitizkiete.

Ikasleak «oso pozik»

Iker Gibelalde Uzturpe ikastolako zuzendaria da, eta 789 taldearen eskutik proiektu honetan parte hartzeko aukera eskaini zietenean zalantzarik gabe baiezkoa ematea erabaki zutela dio.  

Gainera, berak azaldutakoaren arabera Piperraren zikloa proiektuan ez ezik, ikastolako baratzean ere piperrak eta «bestelako produktuak» ere lantzen dituzte. Hala ere, piperraren inguruan «lanketatxo berezi bat» egiten dute «gure herriko landarea delako».

Gaurkoa bezalako lanketetara ikasleak «oso pozik» joaten direla dio Gibelaldek: «Piperraren inguruko sentsibilizazio bat badugu herri honetan eta beraientzat oso polita da». Horregatik, proiektua «urtero» errepikatzeko asmoa azaldu du.

Alaitz Nogales, Ibon Lopetegi eta Maialen Mariezkurrena ikasleek diote ez zutela «oso ondo» ezagutzen Ibarrako piperrak jarraitzen duen prozesua, eta horregatik proiektu honetan parte hartzea «ondo» dagoela uste dute. Proiektuari esker, piperraren inguruan «gehiago» ikasi dutela diote: «Nola landu behar den, nola landatu, nola bildu...».

Behin ikastolan prozesua ezagututa, Mariezkurrenak etxean ere «baratza txiki» bat duela eta bertan piperrak landatzen dituztela dio; beraz, esaterako, berak piperraren prozesua gertutik jarraitzeko asmoa ere badu, etxean bada ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!