Seme-alabekin elkar ulertzeko gakoak

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko ira. 30a, 08:03

Guraso Eskola antolatu dute Ibarran. Izena urriak 6a baino lehen eman behar da eta lehen saioa urriaren 10ean izango da. 

Seme-alabek gurasoei entzuteko eta alderantziz, gurasoek seme-alabei entzuteko gakoak ematen saiatuko da beste behin, Nerea Mendizabal Etxeberria psikopedagogo eta gizarte hezitzailea. Haur masajeko hezitzailea eta komunikazioan aditua ere bada Mendizabal.
Amaia Sarasola Guraso Eskolan parte hartutakoa da, bi seme-alaba ditu eta lau aldiz hartu du parte Ibarran bertan, azken bietan Nerea Mendizabalekin. «Niri asko lagundu dit, emozioak kudeatzen lagundu dit», esan du.

«Entzuten lagundu dit. Bizitzan ematen diren egoera askotan ez dugu entzuten, ez ditugu seme-alabak entzuten, eta beraiek ere ez gaituzte entzuten, hori aldatzen lagundu dit Guraso Eskolak, seme-alabekin eseri eta hitz egiten. Hartu-emana da, gurasook entzun behar diegu eta beraiekin komunikatzerakoan euren beharren berri izango dugu», esan du.

Guraso Eskolan haur titikoetatik hasi eta nerabezaroan dauden gazteen gurasoak biltzen dira eta bizitzen dituzten egoerak elkarbanatzen dituzte, beraz, terapeutak berak emandako gomendioez gain, beste gurasoen bizipenak entzun ahal dira. «Hori oso positiboa da, informazio asko elkarbanatzen da saioetan», esan du. Sarasolak Guraso Eskolara joatea erabat gomendagarria dela dio, «arazo jakin bat izan edo ez». «Joaten diren asko ume titikoen gurasoak dira, horiek ez dituzte arazo emozionalak oraindik, baina gurasoak jada horretan jartzea oso ona da», gaineratu du.

Gerora ere Mendizabalekin harremana edukitzea baliatu izan du Sarasolak. «Heriotza bat izan genuen familian eta nire alabarentzat oso egoera gogorra izan zen. Ez nekien hori nola kudeatu, heriotza, gizartean oro har, baztertzen den zerbait baita, ez da horretaz hitz egiten. Nereari deitu nion eta luze eta zabal hitz egin genuen gaiaz, asko lagundu zigun. Heriotza gai potoloa da eta ondo kudeatzen jakitea ezinbestekoa da», esan du.


Izen ematea, zabalik
Guraso Eskola urriaren 10ean hasiko da. Hilean 2 orduko saioa egingo dute urritik ekainera bitarte. Hitzordua astelehenetan izango da 14:45etik 16:45era. Izena urriaren 6a baino lehen eman behar da udaletxeko gizarte zerbitzuetan astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara. Eskolak 65 euro balio du eta izena emateko ordainagiria erakutsi behar da. Ordainketa 2095 5043 94 1060024667 kontuan egin behar da, kontzeptu bezala izen-abizenak eta Guraso Eskola jarrita. Informazio gehiago 943 67 04 15 edo 943 67 12 99 telefono zenbakietara deituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!