Abestea gustuko dutenentzat

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko urr. 19a, 10:20

IK Kantu taldean 25 partaide izatera iritsi nahi dute. Bi dira bete beharreko baldintzak; lagunak egiteko gogoa eduki eta askatasunez abestu nahi izatea. 

Zazpi bat urte dira Ibarrako lagun talde batek, abesbatza osatzeko elkartzea erabaki zuela. Ordutik zuzendari eta partaide kopuruan gorabeherak izan ditu, baina tinko eutsi diote abesbatzek izan ohi duten kutsu seriotik atera eta kantatzearen plazera eusteari. «Berez, lagun talde bezala hasi ginen, tabernan bildu eta deia zabaltzen joan ginen, orain gauden taldea iritsi arte», esan du taldeko Axun Arangurenek.
IK Kantu taldean orain, 15 lagun inguru dabiltza, baina beste 10 ahots berri nahi dituzte. «Ez da inolako esperientziarik behar, ezta ahots miragarririk ere, askatasunez abestu nahi izatea eta lagunak egiteko gogoa edukitzea besterik ez da behar», gaineratu du Arangurenek.
Taldeko Jose Ramon Egibarrek esan duenez, estilo librean kantatzen dute eta partaide bakoitzak gogoko duen abestiak prestatzen dituzte. «Astean behin biltzen gara. Kantak bakoitzak proposatzen ditu eta askotariko kantak prestatu ditugu. Normalean euskaraz kantatzen dugu, baina ingelesez, japonieraz eta afrikarrez ere abestu izan dugu», esan du Egibarrek.

Lana eta gogoa
Taldean dabiltzanak ez dute egin kanturako ikasketa berezirik, baina lana eginda eta laguntza pixka batekin helburuak lortzen direla diote. Zailena zer den galdetzerakoan, koruan erantzun dute: «Ahotsa igotzea eta bere lekuan jartzea». «Zuzendaria aldatuz joan gara, baina denek lagundu digute beti ahotsa ondo jartzen. Horrela joan gara ikasten. Urte hauetako garapena nabarmena da; ahotsak afinatu eta elkarren artean enpastatzen erakutsi digute eta lana eginez gero lortzen da. Gehienek ez dugu solfeorik ere», esan du beste taldekide batek, Pili Bilbaok.

Abesbatzan ez dute mugarik «kantatzea gatoz» diote. «Kantu librean aritzen gara eta ondo pasatzeaz gain, solfeo pixka bat eta erritmoa ematen ikasi dugu. Ahal duguna egiten dugu eta orain arte oso ondo atera da dena. Urtero ikasturte amaierako kontzertu bat egiten dugu eta hori prestatzen dugu, baina gure asmoa emanaldi gehiago egitea da», esan du Egibarrek. «Deialdia zabaldu eta taldekide gehiago erakarri nahi ditugu. Horretarako egunen batean tabernetara joatea eta abestea ere pentsatu dugu. Kalera ateratzea azken finean. Guk ondo pasako dugu eta  taldea ezagutzera emango dugu», azaldu du Bilbaok.
Izan ere, abesbatza «akademikoko eskema» hautsi nahi dutela esan dute behin eta berriz, eta jendea erakartzeko entsegu «dibertigarriak» egiten dituztela esan dute. «Tarteka afariak ere egiten ditugu, luzatu egiten diren afariak, eta oso gustura biltzen gara», esan du Arangurenek.


Beldurrak kendu
Josetxo Otxoak bere aldetik, jendea erakartzeko beldurrak eta aurreiritziak kentzeko esan du: «Jendeak uste du hona etortzeko ez dakit zein prestakuntza behar dela, baina nahikoa da gogoa edukitzea eta lan egiteko asmoz etortzea».
Orain arteko ibilbidean 80 bat abestiko errepertorioa biltzea lortu dute. Partaideek egiten dituzte proposamenak eta ondoren ikusten dute zein abesti landuko dituzten eta zeintzuk utziko dituzten beste baterako. «Euskal kantu herrikoiak dira gehienak, baina ez guztiak. Proposatzen diren abesti gehienak moldatzen ditugu. Batzuetan hiruzpalau ahotsetara egiten ditugu eta ezin denean, ahots bakarrarekin ere egiten ditugu.

Instrumenturen baten laguntzarekin ere aritu izan gara; gitarra, pianoa, kaxoia, txistua...», azaldu dute. Umeen kantak ere egin izan dituzte eta oso dibertigarriak direla esan dute. «Bi ildo ditugu, batetik, euskal kantu herrikoiak ditugu inaugurazio eta horrelako ekitaldietan kantatzeko, eta bestetik, kanta modernoagoak ditugu, tabernaz taberna kantatu nahi ditugunak», esan du Arangurenek.
IK Kantu taldean 25 kide izatera iritsi nahi dute, orain 15 bat dira, baina 22 ere izan direla gogoratu dute. «Orain arte ondo moldatu gara, 20 ahotsekin lan egitea ez da erraza, baina moldatu gara. Lehen egun hauetako entseguak ere ondo joan dira», esan du Egibarrek.
Entsegua astean behin egiten dute, baina lehenagotik etxean, abestiak landu behar izaten dituztela esan dute, «ordubeteko entsegura ezer aurreratu gabe joanez gero ez genuke ezer asko aurreratuko». «Zuzendariak ahotsak whatsapp bidez bidaltzen dizkigu eta ahots bakoitza zein izango den esaten digu; hau polifonikoa, hau sopranoa, hau kontraltoa... eta etxetik kanta landuta ekartzen dugu. Letrak eta partiturak talde batean sartzen ditugu biltegi bat osatzeko».
Ondo pasatzeko eta kanturako gogoa dutenek beraz, IK Kantuko partaide izateko aukera dute 628 515 437 edo 658 721 619 telefono zenbakietara deituta edo
ikabesten@gmail.com helbidera idatzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!