Martxan dira San Bartolome jaietako kartel eta bozeto lehiaketak

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 16a, 17:00

Parte hartzaileek ekainaren 14a baino lehen aurkeztu beharko dituzte lanak, Ibarrako kultur etxean.

Ibarrako Udalak 2024ko Ibarrako jaietako esku-programaren azala eta kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du. 16 urtetik gorako edonork aurkeztu ahal izango ditu lanak, gehienez bi. Ibarrako jaiak 2024 testua izan beharko dute lan guztiek, ondo nabarmenduta. Horrez gain, Ibarrako jaiekin zerikusia duen ezaugarriren bat edota irudiren bat jaso eta adierazi beharko da. «Generoaren irudikapenean erabilitako irudiek oreka bilatuko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeren arloan diferentzien tratamendu gutxiesgarria ekidinez», adierazi dute antolatzaileek.

Tamainari dagokionez, esku-programaren azalak 21x21 zentimetroko neurria izango du. Diseinua neurri horietan edo neurri horien proportzioan aurkeztu beharko da. Kolorea eta teknika aukerakoa izango da. Aukeratutako teknika edozein delarik ere, diseinua paperean edo euskarri gogor batean aurkeztu beharko da aurrez aipatutako tamainan edo horien proportzioan. Formatu digitalean ere aurkeztu beharko da (JPG formatuan eta gutxienez 300 ppp-ko erresoluzioa izan beharko du).

Aurkezten diren lanak originalak eta beste inon aurkeztu gabeak izan behar dute. Ekainaren 14ko 13:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira, Ibarrako kultur etxean. Aurkezten den lanarekin batera, eta kartazal itxi baten barnean, egilearen datuak sartu beharko dira (izen-abizenak, helbidea, NAN zenbakia, adina eta telefonoa). Kartazalaren kanpoaldean eta aurkezten den lanaren atzealdean goitizena idatzi beharko da.

Epaimahaia 5 lagunek osatuko dute eta bere erabakia apelaezina izango da. Irabazleak, jaietako esku-programaren azaleko irudiaren egilea izateaz gain, 300 euroko saria jasoko du. Saririk irabazten ez duten lan originalak aurkeztu ziren lekuan bertan jaso ahal izango dira uztailaren 15etik 19ra bitartean, 9:30etatik 13:30era. Epe horretan jasotzen ez direnekin udalak erabakiko du zer egin.

Bozeto lehiaketa

Bestetik, Ibarrako Udalak ohi bezala, bozeto lehiaketa ere antolatu du. Lehiaketaren helburua aurkeztutako marrazkien artean 2024ko jai-egitaraurako marrazkiak aukeratuko dituzte. Gaia librea da, baina marrazkiek zerikusia izan beharko dute festekin. Ibarran bizi edo ikasten duten haur eta gazteek aurkeztu ahal izango dituzte lanak eta bi kategoria izango ditu: LH1-LH6 maila bitarteko ikasleak eta DBH1-DBH4 mailetako ikasleak. Epaimahaia Festa Batzordeak izendatzen dituen ordezkariek osatuko dute.

Lanak elaborazio teknika librez eginik aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek. Marrazkien formatua A4 neurrikoa izango da eta berauen antolaketa bertikala izango da. Aurkeztutako lanek Sanbartolomeak 2024 adierazpena eta Ibarrako armarria (edota berau jartzeko lekua) eduki beharko dituzte nahitaez.

Lanek ez dute egilearen izenik edota adierazpenik izango, eta hauek ere gutun-azal itxian entregatu beharko da, ondorengo datuekin: egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa, jaiotze data, ikastetxea eta kurtsoko datuak.

Lehen Hezkuntzako mailakoek kategoriako sarituak, 125 euroko balea jasoko du marrazketa-materiala erosteko. Bigarren Hezkuntzako mailakoen kategoriako irabazleak, berriz, marrazketa digitalerako tableta irabaziko du. Lanak ekainaren 14a baino lehen entregatu behar dira Ibarrako Kultur Etxean. Lehiaketaren epaitza abuztuan jakinaraziko da eta irabazleei aldez aurretik abisatuko zaie.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!