«Lehen liburuaren hedapenaren erdia izanda ere, konforme»

Imanol Garcia Landa 2015ko aza. 25a, 11:41

'Martetarrak Zarautzen' liburua argitaratu berri du Iñaki Zubeldia idazle ikaztegietarrak

Euskaldun bat Marten idatzi zuenetik 46 urte igaro dira. Orain istorio horren bigarren liburua argitaratu berri du Iñaki Zubeldia ikaztegietarrak, Martetarrak Zarautzen izenekoa, Ibaizabal argitaletxearekin.

Zein da 'Martetarrak Zarautzen' bigarren liburu honen jatorria?

Euskaldun bat Marten liburua 1969an idatzi nuen, eta gero ibilbide luzea izan du. Ez nuen bigarren zati bat idaztea pentsatzen, baina badut lagun bat bultzaka ibili dena atzetik eta hortik sortu da nolabait.

Lehen liburuak badu bere istorioa.

1969an Zarautzen nengoen irakasle eta urte horretako udan joan ziren ilargira amerikarrak. Bonbila piztu zitzaidan eta istorioa idatzi nuen, martetarrak Zarautzera etortzen direla eta gero haur bat beraiekin urtebetez Martera joaten dela kontatuz.

Hasieran ez zuen liburu formatua izan, ezta?

Ipuin hori idatzi nuenean 24 urte nituen, eta konturatu nintzen polita bazela, eta erakusten nion jendeari asko gustatzen zitzaien, batez ere haurrei. Garai hartan ez nuen argitaletxe mundua ezagutzen, gainera frankismo garaia zen eta gauzak nahiko zailak zeuden. Beraz, ikastoletan folioetan zabaltzen hasi nintzen batez ere, eta gogoan dut, esaterako, Joxerra Gartziak Arrasatetik eskatu zidala. Beste batzuk Donostiatik eskatu zuten, eta beste leku batzuetara ere mugitu zen. Horrela ibili zen urte mordo batean. Gero Irun Hiria ipuin lehiaketara aurkeztu nuen eta lehenengo saria eskuratu nuen, baina hala ere ez zen publikatu. Azkenik, Joxe Antonio Ormazabalen bultzadaz, 1982. urtean publikatu zen. Zortea izan nuen Daniel Redondo marrazkilari zoragarriak egin zituelako irudiak. Elkarren hamar edizio inguru egin zituen eta Ibaizabal argitaletxean sei edizio izan ditu. Denera liburuaren 45.000 ale inguru salduko ziren. Haurrei barrura iritsi zaie liburua, asko gustatu zaie, eta horregatik izan du hedapen hori.

Bigarren liburua idazteko tentaziorik ez duzu izan aurretik?

Niretzako istorio itxia zen hura. Ez nuen pentsatu bigarren zatia egitea, baina Imanol Agirre Zarauzko Garoa liburu dendakoak animatu ninduen. Bera haurra zela asko gozatu zuen lehen liburuarekin eta bigarren zatia egin behar zela zioen beti. Orain bi urte berriro esan zidanean, konturatu nintzen laster 50 urte beteko zirela istorio hura idatzi nuela.

Eta zer kontatzen duzu bigarrengo liburuan?

Martetarrak Zarautzera iritsi zirela 50. urteurrenaren ospakizunak egin nahi dituzte, eta aurretik bisita egin nahi dute prestaketak egiteko. Amerikarrek horren berri jakiten dute eta martetarren teknologia-eta eskuratu nahi dituzte.

Lehen liburuak izan zuen hedapena errepikatzea zaila izango da, ezta?

Erdia izanda ere konformatuko nintzake. Gustatuko litzaidake haurrek gogo onez hartzea, ondoren hirugarren liburua baitator, hau da, 50. urteurrenean, 2019. urtean, argitaratzeko. Ea hirugarren hau ere bigarrena bezain polita ateratzen den.

Argitaratu berri dena zure 36. lana da. Espero zenuen orain 46 urte horrelako ibilbidea egiterik?

Ez horixe. Orduan euskaraz ez zegoen ia ezer, eta gure ikasleek gazteleraz irakurri behar izaten zuten. Ez nuen izan idazle mentalitaterik. Lehenbizi euskal eskola aurrera atera behar zen, ez zegoen materialik. Lehen eginkizuna izan zen euskaraz sortzen hastea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!