Miren Iraeta eta Mattin Jauregi saritu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2023ko ira. 18a, 11:59

Inspira Gazteak Sarien I. edizioa egin du Kutxa Fundazioak eta bi ikaztegietarrek sariak jaso dituzte, Iraetak, ezagutzaren-sustapena kategorian, eta Jauregik, ingurumen-ekimena kategorian.

Ostegunean egin zuten sari banaketa ekitaldia. Sariketa berri honek, gizarte, ingurumen, hezkuntza-berrikuntza eta ezagutzaren sorkuntza eta sustapenarekin duten konpromisoagatik nabarmentzen diren lurraldeko gazteen bizi-ibilbidea aitortu nahi du. Lehen edizio honetan, ospe handiko epaimahai aditu batek hamahiru finalista aukeratu ditu aurkeztutako hautagaien artean; Juanjo Alvarez izan da epaimahaiaren buru. Azkenean, bost kategoriatan izan ziren sarituak, eta horietako bietan, eskualdeko bi gazte saritu zituzten.

Miren Iraeta Orbegozo: Ezagutzaren-sustapena

Miren Iraeta ikaztegietarrak bokazio-elementu oso indartsuak sartu ditu biologia molekularra eta antropologia batzeko, eta, horrela, interes historiko eta antropologiko oso handia duten populazio-migrazioen azterketa genetikoak garatzeko. Ezagutza-arlo berritzailea, ezohikoa eta bere hurbilketan zintzoa, historiografia klasikoan ikusezinak izan diren pertsonez interesatzen dena, hala nola emakumeez eta haurrez, eta, aldi berean, iraganeko bizitzak ikertzeko orduan kode etikoek duten garrantzia nabarmentzen duena. Beste balio batzuk nabarmentzen dira, hala nola motibazioa, lidergoa eta etorkizunerako proiekzioa, Euskal Herrira itzultzea eta, nazioarteko ikuspegia galdu gabe, bere ezaupideak lurralde honetan inplementatzea.

Mattin Jauregi Etxeberria: Ingurumen-ekimena

Mattinek pentsamendu kritikoa erakusten du Gipuzkoako lurralde historikoaren arazo batean eta bere berezitasunetan ardaztuta, ekosistemen zaintzaren eta tokiko kontsumoaren garrantzia aipatuz. Bertako erleen arazoak kezkatzen du, inplikatu egiten da, bereziki axola zaio, eta gai horren aldeztaile bihurtu da. Bost urteko epean bere burua prestatzea espero du, Gipuzkoako lurraldean gertatzen ari den erle beltzaren galera lehengoratu ahal izateko. Izan ere, erleen zaintzak ez du prestakuntza arauturik, baizik eta ikaskuntza-prozesu autonomoa da, saiakuntzan eta errakuntzan oinarritua, eta, gainera, inbertsio handiak eskatzen dituena. Bere ametsetako bat lurraldean beste mota bateko ekoturismoa sortzea da, erlezaintzan eta biodibertsitatearen zaintzan oinarritua, kontzientzia sortuz eta ingurumen-hezkuntzan prestakuntza emanez. Era berean, sagardotegiekin elkarlanean, erleak eramaten ari dira sagastiak polinizatzera, haien ekoizpena eta ingurunearen polinizazioa handitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!