Bailarako V. Kross Herrikoia «oso polita» izan da

Asier Imaz 2014ko api. 14a, 16:20
Irurako Kirol Asteko azken ekitaldian 138 lagun aritu ziren korrika, giroa eta eguraldia lagun

Irurako Kirol Astea igandean amaitu zen. Azken ekitaldia, Bailarako V. Kross Herrikoia izan zen, eta 138 partaide irten ziren. Maila guztietako korrikalariak ibili ziren lasterka; aurre benjaminetatik hasi eta beteranoetara.

Lasterketaren biharamunean antolatzaileak «oso pozik» agertu ziren: «Giro ederra egon da, eguraldia lagun izan genuen eta oso polita izan zen». Zirkuitua iazko berdina izan zen, eta korrikalariek ez zuten inongo arazorik eduki itzuliak ematerako garaian.

Aurre benjaminetan bi lasterketa egon ziren. Alde batetik, LH1ekoak eta LH2koak aritu ziren korrika, eta bestetik, Haur Hezkuntzakoak. Txikienen ondoren, benjaminak eta alebinak atera ziren. Infantiletan eta kadeteetan korrikalariek huts egin zuten, eta parte hartze oso baxua izan zen. Kadeteetan, urteroko kontua dela aitortu zuten antolatzaileek.

Helduen mailan, Unai Señoran izan zen azkarrena. Lehen irurarra ere bera izan zen, baina sari hori, Gorka Urtazarri eman zioten antolatzaileek, Señoranek lehen postuko saria baitzuen. Emakumeetan gauza bera gertatu zen, hau da, lehen postuan Silvia Leite irurarra iritsi zen. Herriko lehenaren saria, ordea, Veronika Goitiari eman zioten.

Beteronoen lasterketa Oskar Ruinos anoetarrak irabazi zuen, eta lehen irurarra Alex Lasa izan zen. Emakumeetan helmugaratzen lehena Amaia Lacalle andoaindarra izan zen, eta herriko lehena Arantzazu Irizar izan zen.

Helduen eta beteranoen kasuan, korrikalariek zirkuituari lau itzuli eman behar izan zizkien. Guztira 6.860 metro korritu behar izan zituzten. Emakumek 5.145 metro egin zituzten, hau da, zirkuituari hiru itzuli.
Antolatzaileek partaideei, lanean ibilitako boluntarioei eta laguntza eman duten Aralar Kirolaki, Angulas Aguinagari, Insalusi eta Mahalari eskerrak eman nahi izan zizkien, euren laguntzagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!