Hondakinak, segurtasuna eta komunikazioa Irurako EAJren aldaketa proposamenak

Tolosaldeko Ataria 2015ko mar. 5a, 15:52

Ana Leunda alkategaiak 'Herritarrei entzuten' ekimenaren balorazioa egin du.

'Herritarrei entzuten' ekimenaren baitan egindako topaketen ondoren, Irurako alkatetzarako EAJren hautagaiak, Ana Leundak, ondorioztatu du herritarrek gehien eskatu diotena "atez ateko sistema kentzea eta edukiontzien sistemara itzultzea" dela, "bosgarren edukiontzia ezarriaz".

Horrez gain, herritarrek Laskibar auzoan eta San Miguel plazan egindako bileretan, nahiz kaleko harremanetan, "hiri altzarien mantenua hobetzea eta kaleen garbiketaren aldeko apustua egitea" eskatu diotela azaldu du Leundak: "Kaleak oso zikinak daude atez atekoa ezarri zenetik”.

Plazara sartzeko sistemaren aldaketa ere proposatzen du Leundak: "Dagoen piboteak iruratarrak diskriminatzen ditu bizi diren tokiaren arabera eta mugikortasun zailtasunak dituzten bizilagunei ez die plazara iristeko erraztasunik ematen. Gainera hilerrira joateko pasabidea da”.

Bestalde, Kale Nagusiko segurtasuna "hobetzeko" eskaera egin du jeltzaleak Horretarako, "oinezkoentzat zein gidariarentzat herriko zati honetan abiadura murriztu era automatikoan gorrira aldatzen diren semaforoa jarri" behar dela dio. "Istripuren bat gerta baino lehen, harategiaren parean, errepideko bidegurutzean ere Donostia norabidean, gidariek ispilu handiago bat jartzea eskatzen dute trafikoa hobeto ikusi ahal izateko.”

Komunikazioa, elebiduna

Udalaren komunikazio eta harreman politikari dagokionez, Ana Leundak aurreratu du kontutan hartuko duela udalaren jakinarazpenak eta oharrak euskaraz eta gazteleraz jasotzeko hainbat irurarrek egin dioten eskaera.

Amaitzeko, iragarri du langabezian dauden pertsonen egoera aztertuko duela, udalak garbiketa eta mantenu lanetarako sortzen dituen behin behineko lanpostuetarako txandatze sistema bidez guztiek aukera izan dezaten.

Edozein herritarrek ideiak, kexak eta bestelako iradokizunak baditu, analeunda2015@gmail.com helbidera idatzi dezaketela gogorarazi du EAJko zerrendaburuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!