Irurako Udalak ez ditu zertan elebitan bidali behar osoko bilkurako aktak

Tolosaldeko Ataria 2015ko mar. 25a, 09:18

Irurako Udalari arrazoia eman dio Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako epaitegiak: Espainiako Gobernu Ordezkaritzara aktak euskara hutsean bidaltzea ez da legez kanpokoa.

Udalbiltza Partzuergoari udalek egiten dizkioten ekarpenak auzitara eraman izan ditu Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak. Iazko otsailaren 25ean Irurako udalbatzak euskal garapenerako eta kohesiorako fondoari ekarpena egitea erabaki zuen. Erabaki horri helegitea jarri zion Carlos Urkijok, baina epez kanpo. Bi egun beranduago aurkeztu zuen errekurtsoa.

Auziak bere horretan geratu behar zuenean, ordea, bigarren helegite bat iritsi zen Irurako Udalera. Udalbatza horretako akta euskara hutsean bidali izana salatzen zuen gobernu ordezkaritzak eta elebitan bidaltzeko eskatu.

Osoko bilkuretako erabakiak Espainiako Gobernu Ordezkaritzan jakinaraztera behartuta daude udalak. «Duela pare bat urtera arte Gipuzkoako 68 udalek ez zituzten aktak ordezkaritzara bidaltzen. Horretara behartu zituztenean, euskara hutsean bidali zituzten agiriak udal horietako askok», adierazi du Uemako teknikari Imanol Harok.

Aktak euskaraz egiteagatik nahiz eta Carlos Urkijoren salaketa jaso Gipuzkoako 12 udalek, tartean Adunak, Amezketak, Leaburuk eta Gazteluk eutsi egin diote eta agiriak euskara hutsean bidalzen segi dute. «Uemaren udalerriak dira eta gure babesa dute. Eusko Jaurlaritzak ere esan du erabat legezko dela aktak euskaraz egitea. Txosten juridiko bat egin du gobernuak hori argudiatzeko». Mankomunitateak auzibide honetan pertsonatzeko eta elkarlanean aritzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Irurako kasua aurrekari

Idoia Olano, Irurako euskara teknikariak nabarmendu duenez, «Administrazio Auzitarako epaitegiaren autoak esaten du ez dirudiela arrazoizkoa, herritarren eskaerak euskaraz tramitatzeko gai den botere publiko batek ez jaso nahi izatea beste administrazio baten agiria euskara hutsean». Autoak erreferentzia egiten dio horretarako Gernikako Estatutuari eta Euskararen Legeari.

«Gakoa hor dago», dio Imanol Harok. «Espainiako Gobernu Ordezkaritzak uste du gainerako administrazioak behartuta daudela beren erabakien berri elebitan ematera. Helegitea jaso duten udalerriek, Uemak eta Jaurlaritzak, ordea, uste dugu erabat legezkoa dela akta horiek euskaraz bakarrik ematea».

«Administrazioa hizkuntza eskubideen subjektu da? Botere publikoei badagokie exijitzea eurekiko harremanak elebitan izatea? Edo alderantziz herritarron hizkuntza eskubideak bermatzea da haien egitekoa?», nabarmendu du Olanok.

Donostiako Administrazio Auzietarako epaitegiak oraingo honetan arrazoia eman dio Irurako Udalari. «Kontrako erabakiak ere egon izan dira, Lekeition adibidez», esan du Harok. Hemendik gutxira gainerako herriek zabalik duten auzibideak argituko du balantza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!