Ehiztariak, auto-ilarak eta aitzakiak

Bai irakurleok. Berokia, aterkia eta fede itsua exijitu dizkigun udaberria amaitzear da. Ahaztuak ditugu honezkero ehiztarien apirileko negar festa kolektiboak.

Norbere barrua baretzeko eskopeta deskarga eder bat bezalakorik ez dago, esango lukete batzuek. Ahaztuak ditugu, baita ere, maiatzaren lehenean historiaren inertziak bultzaturik eta betiko euri beraren pean kantaturiko internazionalak eta nazional-1eko turisten auto ilarak, zubia probestuz.

Euri asko egin du ordutik, eta ez soilik literalki. Orain dela aste batzuk erakunde armatuak (ETAz ari natzaizue, ez ehiztariez) desegiteko asmoa gauzatu zuenetik modan jarri da jada aitzakiarik ez dagoela esatea: «Jada ez dago aitzakiarik zubiak eraikitzeko»; «Jada ez dago aitzakiarik elkarbizitzarako»; edota klasikoetan klasikoena: «Jada ez dago aitzakiarik hitz egiten hasteko».

Eta jada aitzakiarik ez nuenez pentsatzeari ekin diot, eta zenbait galdera etorri zaizkit burura. Euskaraz bizi nahi dugunok noizbait izan al dugu aitzakiarik espainolera hain erraz pasatzeko? Izan al dugu aitzakiarik euskaldun oso izan eta prentsa eta literatura euskaraz ez kontsumitzeko? Izan al dugu aitzakiarik kapitalera joan eta euskararen 'off' botoia hain arin sakatzeko? Izan al dugu aitzakiarik sare sozialetan betiereko esaldi xarmagarri horietako bat euskaraz ez idazteko? Euskaraz ikasi dugunok izan al dugu aitzakiarik, zerbeza baten prezioaz galdegiten digutenean, «bat laurogei» beharrean «uno ochenta» kastizo bat botatzeko? Eta berriro ere klasikoetan klasikoena: Izan al dugu aitzakiarik hitz egiten ez hasteko?

Eskopeta deskargak isildu zirenetik pasa dira urte batzuk, baina gure herria erdibitzen duen nazional-1eko auto ilarak apirileko ehiztarien bilkurak bezain arrakastatsuak izaten jarraitzen du.

Aitzakiak jartzearena gure izaeraren parte ez ote den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!