Herria bitan banatuta

Gure herria bitan banatuta dago: trenbidea eta errepidea dira harresi eta pasabide, aldi berean. Txikitan, bakoitzak harro demonio defendatzen zuen bizileku zuen aldea.

Ni plaza aldekoa nintzen; lagun gehienak, berriz, beste aldekoak. Txikikeria irudituko zaizue, baina broma gutxi orduan: 7-8 urtera arte ez ziguten uzten errepidea bakarrik pasatzen.

Kontua da orain gutxi aldatu naizela etxez, eta beste espaloira pasatu naizela. Lasaitu ederra ere hartu dut, ez baitidate alderdikeriaz ezer leporatu. Txikitako gatazka hura nik bakarrik dut gogoan, nonbait. Konturatu naiz etxebizitza aldatzeak bizimodu berri bat dakarrela berekin, ia dena egiten baitzait arrotz, baita herria bera ere. Beste ikuspuntu batetik ikusten dut orain, zeharo desberdin. Atzo bizkarra ematen zidatenek gaur parez-pare begiratzen didate, zentzu arkitektonikoan, noski. Horrez gain, beheko su xume bat ere badut orain, baita hauspo txiki bat ere, eta hor ibiltzen naiz, suari piztuta eutsi nahian, komeriatan.

Baina, komeriak komeria,zorteko sentitzen naiz, ez baitago gazte guztien eskura etxetik alde egitea. Arazo horren harira hitzaldi ziklo bat antolatu berri dugu herrian, eta betikotik aparte samar dabiltzan etxebizitza eta bizimodu ereduak ezagutu ditugu, batik bat, auzolanean oinarritzen direnak.

Eta gauzak zer diren. Besteen atarira hurbiltzeak eskaini digu halako ikuspuntu desberdin bat, ohiko hipoteketatik harago doana, herrigintza hauspotzeko balio lezakeena. Bai baitakigu, askotan, nahikoa dela balkoiz aldatzea, muturraren aurrean daukaguna beste era batera ikusteko. Eta herria ere etxea bezalaxe irudikatzeko: egurrez egur, beheko sua nola, herriko giroa hala; gehiegi bota gabe, ito ez dadin, baina beti erne. Izan gaitezen, bada, hauspo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!