Azken ohiko osoko bilkurako EAJren udal taldearen kronika labur bat

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Tolosa 2024ko mar. 5a, 12:04
Tolosako Villa Sagrado Corazon.

Aipatzen diren gaiak: Villa Sagrado Corazon eraikina, eskualdeko ospitale publikoa, aurrekontu parte-hartzaileetan ustekabeak eta pintaketak/kartelak

Otsaileko ohiko osoko bilkuraren gai-zerrendako puntu garrantzitsuenetako bat Villa Sagrado Corazon Babestutako Eraikinen Udal Katalogoan sartzeari buruzkoa izan zen, baita eremu horren hirigintza-garapenaren inguruan sortu zen eztabaida ere. Xarles Iturbek zehatz-mehatz azaldu zituen aurreko legegintzaldian eremu horren hirigintza-garapenerako eman ziren hirigintza-izapideak, bai eta aurreko udal gobernuak San Frantzisko 37. zenbakian kokatutako eraikinaren kasuaren gaia kudeatzeko izandako zuhurtasuna ere, balizko babesa jaso zezakeen ondasun gisa Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren inbentario batean jasota zegoela jakin zenetik. Beste gogoeta batzuez gain, zera adierazi zuen: azkenik Tolosako Udalak eraikinaren jabetza bereganatzen badu, udal gobernuak eraikin horren berehalako erabilera bilatu beharko lukeela, batez ere, haren hondatzea saihesteko. Era berean, Xarles Iturbek zalantzan jarri zuen eraikinaren babesa bermatzeko, derrigor, haren udalekotzea gauzatu beharko litzakeenik, batez ere udalak dagoeneko baduelako jabetzan ondasun higiezinen zerrenda luze bat, eta ez dauka eraikin guzti horientzako proiekturik. Adierazi zuenez, «komenigarriena litzateke, aditu batek eraikin horretan babestu behar diren elementuak aztertzea eta lursail horren hirigintza-garapena azterketa horren ondorioetara baldintzatzea, eta ez, itxura guztien arabera, guztia sustatzailearen eta Udal Gobernuaren arteko negoziazioaren mende jartzea».

Era berean, EAJk salatu zuen hiru hilabete atzeratu direla jadanik etorkizunean Tolosaldeko ospitale publiko berria eraikitzeko Iurreamendiko lurrak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari lagatzeko izapideak. Xabier Balerdiren arabera, «lursail hori Eusko Jaurlaritzari uzteko izapideen lau faseetatik lehenengoa baino ez da gauzatu». Gogorarazi zuen «otsaileko osoko bilkura honetan bertan eman beharko litzatekeela amaitutzat lursaila Eusko Jaurlaritzari uzteko eta, ondoren, ospitale berria eraikitzeko prozedura». Gai horretan sakonduz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean egin berri dituen adierazpenak ekarri zituen gogora. Bertan, honakoa esan zuen sailburuak hitzez hitz, «Tolosako Udalak Iurreamendiko lursaila noiz utziko digun zain gaude ospitale berria eraikitzeko». Amaitzeko, Tolosako Udalari eskatu zion eman ziezaiola behar besteko lehentasuna gai honi, Tolosaldea osoari eragiten baitio.

Bestalde, Ainhoa Dominguezek nabarmendu zuen aurrekontu parte-hartzaileetan hautatutako proiektuetako bat, Udaleku Irekiak zeritzona, bigarren ekimen bozkatuena, ezin izango dela gauzatu. Proiektu horiek hautatzeko egungo udal gobernuak diseinatutako prozesua nolakoa izan zen gogoratu zuen, adieraziz, herritarrek Tolosa eta komunitatea hobetzeko egindako proposamenak jaso zirela prozesu parte-hartzaile baten ondoren. Proposamen horiek, hasiera batean, udal gobernuak ebaluatu zituen, bideragarritasun tekniko eta ekonomikoari dagokionez (baina ez, antza denez, alderdi juridikoari dagokionean). Eta horrela onartu ziren abenduko osoko bilkuran, 2024ko aurrekontuaren markoaren barruan. Orain, bi hilabete geroago, egoera kezkagarria da, lehen aipatutako proiektuak ez baititu betetzen proiektua gauzatzeko baldintza tekniko-juridikoak. Horregatik guztiagatik, udal gobernuari eskatu zion bere gain har dezala egoera horren erantzukizun osoa, eta berehalako neurriak har ditzala akats hori zuzentzeko. Eta etorkizunari begira, kontrol-mekanismo zorrotzagoak ezarri zitzala, ondorengo partaidetza-prozesuetan horrelako egoerak berriro gerta ez daitezen.

Azkenik, Patxi Amantegik EH Bilduren jarrera kontrajarria salatu zuen pintaketen eta kartelen gaian. «Denok nahi dugu herri garbi bat, baina ezin duzue herria zuen informazio-panel partikular gisa hartu, zuen lehendakarigaiaren kartelak eraikin publiko eta pribatuetan itsatsiz, adibidez, eta noiz eta kanpaina hasi baino lehen». Amaitzeko, hauxe esan zuen: «Lehenik eta behin, pedagogia egin behar duzue zuen etxean, ez baita garbiagoa gehien garbitzen duena, gutxien zikintzen duena baizik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!