Hondakinen bilketa sistema: Azken egunetako gertakarien kronika

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa Villabona 2015ko urr. 27a, 14:21
Maiatzaren 24ko hauteskundeetako emaitzek EAJ ezarri zuten Amasa Villabonako udaleko gobernuan eta jakina denez, alderdi jeltzalearentzat egun martxan dagoen atez ateko hondakinen biltze sistema aldatzea lehentasunezko gaia izan da. Hori horrela izanda ere, Ivan Agirre alkateak gai honetan EH Bildu koalizioarekin adostasun bat lortzeko bere borondatea azaldu zuen legegintzaldi hasieratik. Zentzu horretan azken egun hauetan hainbat mugimentu izan dira Amasa Villabonan:

EAJren negoziazio eta akordiorako eskeintza honi erantzun bat emateko helburuarekin, EH Bilduk herri batzar ireki bat antolatzea erabaki zuen, koalizioaren erabakia bertaratzen ziren herritarren esku utziz. Batzar ireki hau pasa den larunbat goizean egin zen Vilabonako kultur etxean.

EH BILDUREN BATZARRA:

Batzarrean 43 pertsonak parte hartu zuten 3 ariketa egin ziren:

  • Hauteskunde orokorretarako (Kongresurako eta Senaturako) EH Bilduko hautagaien bozketa.
  • Hondakinen bilketa sistema: EAJk egindako negoziazio eskaintzari erantzun bat ematea.
  • Negoziazioaren alde eginez gero, EH Bilduk defendatu behar duena zehaztea.

Batzarrean parte hartu zuten gizon emakumeek EAJrekin negoziazioan parte hartzea erabaki zuten gehiengo osoz. Hainbat hitz-hartze eta ezbabaida izan ziren (beti ere giro atseginean eta inolako arazorik gabe) eta EAJrekin hitz egiteko garaian birziklatze-tasa %70etik ez jaistea ahalbidetuko luketen sistemak soilik onartzea erabaki zen.

EAJ eta EH BILDUren arteko lehen bilera:

Bilera horretan EAJko ordezkariek beren proposamena azaldu zuten (hitzez soilik, inolako idatzi edo txostenik gabe): 5 edukinontzi, tamaina handikoak eta inolako kontrol mekanismorik gabe.

EH Bilduko ordezkariek sistema horrek oso emaitza kaskarrak izan dituela gogorarazi zuten, sistema hau martxan duten herrietako birziklatze-tasa gehienez (eta oso baikorrak izanda) %50era iritsi baita. Beraz, EH Bilduko ordezkariek proposamen hori onartezina zela jakinarazi zieten EAJko kideei. Hala ere, proposamena idatziz jasotzea eskatu zen.

Beraz, lehen bilera honetan, normala den bezala, ez zen akordiorik izan baina lehen hartu-eman hau positiboki baloratzen dugu. Bilera giro onean egin zen eta bi aldeek negoziaziorako borondatea dutela erakutsi zuten. Negoziazio mahai honek aurrera jarraituko du datozen egun eta asteetan.

UDALEKO OSOKO BILKURA:

Osoko bilkura astelehenean arratsaldeko 19:00etan izan zen Villabonako udaleko areto nagusian eta hondakinen biltze sistemaren gaia 2. puntuan jorratu zen. Puntu horretan, Ivan Agirre alkateak egindako Zabor bilketa sistemaren inguruko galdeketa proposamena eztabaidatu eta bozkatu zen.

Osoko bilkurak aho batez  onartu zuen proposamena (EAJ, EH BILDU eta PSE-EEren aldeko botoekin).

EH Bildutik argi eta garbi utzi nahi dugu, osoko bilkura honetan galdeketa egitea onartu bazen ere, lehen aipatutako negoziazioaren emaitzak erabat baldintzatzen duela herri galdeketa. Hau da, negoziazio mahaian akordioa lortzen bada, ez litzateke galdeketarik egingo.

Bozketaren ondoren, Nora Urbizu EH Bilduko bozeramaileak hartu zuen hitza:

“EH Bildu beti egongo da gai ezberdinetan herri galdeketak egitearen alde, demokrazia parte hartzaile batean sinesten dugu, non herritarren ahalduntzea eta demokrazia zuzena (kontsultak, galdeketak, herritarren lege proposamenak etab) garatuko diren. Zentzu horretan pasa den legegintzaldian udal honek parte hartze ordenantza berri bat onartu zuen, herriko 31 eragile, udal honetan ordezkaritza duten alderdi guztiak eta norbanako ugarirekin elkarlanean egina. Ordenantza hau aitzindaria izan zen Gipuzkoan.

Pozten gaitu osoko bilkura honetan Villabonako EAJk puntu hau aurkeztu izanak. Alderdi jeltzalea, Euskal Herrian zehar herritarren iniziatibaz egindako herri galdeketen aurka agertu izan baita askotan, gehiegitan. Beraz, gaur hemen egin duzuen proposamena bada notizia.

Azken hauteskundeen ondoren Gipuzkoan EAJk eta PSEk egindako akordioan, Gipuzkoan egin beharreko hondakinen kudeaketa goitik behera aldatzea erabaki dute. Beraz, argi geratu da gai honetan EAJ eta PSE-k Zubietan erraustegia eraikitzea babesten dutela. Ondorioz, zu ere Ivan Agirre, Villabonan EAJren ordezkari nagusia izanik, erraustegia egitearen alde zaude ezta?”

Galdera zuzen eta zehatz honen aurrean, Ivan Agirre alkateak ez zuen erantzun garbirik eman eta berak “Villabonako kontuez bakarrik” erantzungo zuela adierazi zuen. EH Bilduko beste zienegotzi batek berriz ere galdera bera luzatu zion alkateari, “gai honetan alkateak zer pentsatzen duen, herritarren interesekoa” zela argudiatuta. Baina alkateak berriz ere erantzun bera errepikatu zuen.

Azkenik, Nora Urbizuk erraustegia Amasa Villabonan jarriko balitz, Villabonako EAJk zein jarrera hartuko lukeen galdetu zuen, eta Ivan Agirrek kasu horretan egoera ondo aztertu beharko litzatekeela azaldu zuen, sortuko litzatekeen kutsadura ondo neurtu etab.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!