Irundik Brinkolara doan trenbidea eta RENFE-ren zerbitzuak hobeto kudeatzeko mozioa aurkeztu du EH BILDUk

Irun-Brinkola trenbidearen egoerak eta RENFEko aldirietako zerbitzuak hutsune larriak dituztela ez da albiste berria eta Villabona-Zizurkilgo tren geltokian ere begi bistakoak dira. Geltokiaren irisgarritasuna, segurtasuna eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko inbertsioak egitea beharrezkoa da eta azken urteetan nabaria da Adif enpresa publiko espainiarraren aldetik ez dagoela horretarako borondaterik. Honen aurrean, Amasa Villabonako EH BILDUtik datorren azaroaren 30eko Villabonako udaleko Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatzeko mozio proposamen bat egin dugu. Hau da mahai gainean jarri dugun mozioa:

 

Irundik Brinkolara doan ADIF-en trenbidea eta RENFE-ren zerbitzuak hobeto kudeatzeko mozioa

TESTUINGURUA:

Gipuzkoak mugikortasun iraunkorraren inguruan erronka asko ditu. Sarritan hitz egiten da azpiegitura berriez, baina tamalez behar baino maiztasun txikiagoarekin azpiegituren mantenuaz eta hobekuntzaz.

Irundik Brinkolara doan trenbidea eta bere azpiegitura osoa zahartuta gelditu da, erabiltzen duen edonork ikus dezake hori. Azpiegitura hau hobetzea ez da zegokien arduradunentzat lehentasuna izan azken hamarkadetan. Urrunetik eta interesik gabe kudeaturiko zerbitzua izan da Irun eta Brinkolaren arteko trenbidea.

Zerbitzu hau egunero 25.000 gipuzkoarrek erabiltzen duten arren, Adif, Renfe eta Espainiako Sustapen Ministerioak ez dute apenas hobekuntzarik egin azken hamarkadetan, beste lehentasun batzuk izan dituzte. Geltokiak ez daude erabiltzaile guztientzat egokituta, trena eta nasaren arteko distantziak handiegiak dira. Gainera, 18 geltokitan bidegurutzeak arriskutsuak dira.

Arazo bakarra ez da zerbitzu kaskarra, edota irisgarritasun berme-eza. Honi guztiari segurtasun falta gehitu behar diogu, behin eta berriro jartzen da arriskuan hiritarren bizitza, azken adibidea duela gutxi ikusi dugu.

Alde batetik premiazkoa deritzogu Madrilek egitura hau berritzeko pausoa ematea. Baina begi-bistakoa da hau ez dela nahikoa, PSOE zein PP izan agintean, Madrileko Gobernuak egitura honekiko izan duen ardura falta aintzat hartuta, are nabarmenagoa da euskal jendarteak dituen beharrak asetzeko, erabakiak hemen egon behar duela eta ez Madrilen.

Ondorioz, gipuzkoar erakunde askok egin duen moduan, bada garaia berriz ere Madrileko gobernuari eskaria egiteko eta gure lurraldea zeharkatzen duten trenbide sare guztien kudeaketa eskatzeko.

Bistakoa da, dela interes ezagatik edo dela gaitasun faltagatik, gaur egungo kudeatzaileak ez direla gauza azpiegitura hauen erabiltzaileen segurtasuna eta erabilgarritasuna bermatzeko.

 MOZIOA:

  • Amasa Villabonako udalbatzak urgentziaz eskatzen dio Adif-i Irun-Brinkola sarean hobekuntzak egin ditzala, bereziki segurtasun neurrietan eta erabiltzaile guztien erabilgarritasuna bermatzeko.
  • Amasa Villabonako udalbatzak Espainiako Gobernuari eskatzen dio Eusko Jaurlaritzaren esku utz dezala Irun eta Brinkola arteko trenbidearen kudeaketa eta hori aurrera eraman ahal izateko baliabide ekonomikoak eman diezazkiola.
  • Amasa Villabonako udalbatzak eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari zerbitzu eta azpiegituren eskaera egin diezaiola Espainiako Gobernuari eta plangintza bat landu dezala zerbitzua hartu bezain pronto hobekuntzak aurrera eramateko.
  • Amasa Villabonako udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Gipuzkoako trenbide osoaren eta, bereziki, tren geltokien egoerari buruzko gabeziak aztertzeko txosten bat egin dezala.
  • Amasa Villabonako udalbatzak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio GGAren barruan lan egin dezala RENFE ahalik eta azkarren MUGI txartel bakarrean integratzeko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!