Hondakinen bilketa sistemaren inguruan EAJrekin hasitako negoziazioari dagokionez, Amasa Villabonako EH Bilduk egiten duen irakurketa

Hondakinen biltze sistema berria ezartzeko EAJ eta EH Bilduren arteko negoziazio mahaiak orain arte emandakoa azaltzeko eta EH Bilduk egiten duen balorazioa kaleratzeko, prentsa agerraldia egin dute gaur arratsaldean koalizio abertzaleko hautetsiek.

Hauxe da Amasa Villabonako EH Bilduk kaleratu duen prentsa oharra:

 

Pasa den azaroaren 9an EAJ eta EH Bilduren arteko hondakinen bilketa sistemari buruzko bilera egin zen. Bileretara deitua izan den arren, PSE-ko zinegotziak ez du oraingoz elkarrizketa mahai honetan behin ere parte hartu. Aipatu bilera hartan, EAJko ordezkariek beren proposamena azaldu zuten: 5. edukinontzia, errefusarena astean bitan zabalduta eta beste guztiak uneoro zabalik. Proposamen horren aurrean, EH Bilduko kideok horrelako sistemak birziklatze tasa eskasak ematen dituela argudiatu genuen eta organikoaren edukinontziak ere kontrol mekanismoren bat behar lukeela azaldu. Hala ere, proposamena behar bezala baloratu ahal izateko, biltze sistema berriaren proiektua idatziz bidaltzea eskatu zitzaion Ivan Agirre alkateari; nola bilduko dira merkatarien hondakinak? Amasako baserrietakoak? eta industria guneetakoak? zenbatero jasoko dira edukinontziak?… EAJko ordezkariek guri txosten hori bidali eta ondoren beste bilera bat deitzeko konpromisoa hartu zuten.

Bilera hura egin zenetik hilabetetik gora pasatu den honetan, oraindik EAJren proposamen zehatzik ez dugu jaso, zain jarraitzen dugu.

Erantzunik ez dutela jaso eta EH Bilduk “largak” ematen dituela salatu zuten jeltzaleek hedabideetan. Iruditzen zaigu EAJren proposamena azalduko lukeen txostena eskuartean ez izateak seriotasun falta handia islatzen duela EAJren partetik, xehetasun gehiago eskuartean izan gabe, ezin baitugu inondik inora behin betiko erantzunik eman, gure partetik hori egitea erantzukizun falta handia litzateke.

EAJk egindako “proposamen” horretara bueltatuz, EH Bildutik ez dugu inondik inora ulertzen Villabonako EAJk nola esan dezakeen negoziazio honetan “esfortzu” bat egin duela, aurkeztutako proposamena EAJk berak Gipuzkoako beste hainbat herritan (Arrasate, Zumaia, Deba, Bergara, Aretxabaleta…) defendatu duen biltze sistema baino nabarmen okerragoa denean. Esfortzua egiteko modu xelebrea benetan, eta orduan zein zen EAJren lehen aukera? duela 4 urteko sistema?

DVn argitaratutako albistean Villabonako EAJk proposatzen duena Sasieta mankomunitatean martxan dagoen sistema dela ulertu zitekeen. Ba honako hau ez da egia, Sasieta mankomunitateko 22 herritatik 2tan soilik baitago Villabonarako proposatzen duten sistema horren antzekoa den sistema bat eta 10 herritan atez ateko sistema dute. Beraz, EAJri eskatu nahi diogu ez dezatela errealitatea agertzen ez duten datuak erabiliz horrelako manipulazio saiakerarik egin.

EH Bildutik inolako proposamenik ez dutela jaso diote jeltzaleek, eta oraingoan egia da, guk ez dugu proposamen zehatzik egin, besteak beste EAJ delako egungo biltze sistema errotik aldatu nahi duena eta ez gu. Baina aldi berean argi utzi nahi dugu EH Bilduren herri batzarrak adostu zuena eta EAJren aurrean hasiera hasieratik defendatu izan duguna: %70eko birziklatze tasa ahalbidetuko duen edozein bilketa sistema onartuko dugu. Irizpide honekin ez dizkiogu ateak ixten 5. edukinontziari, eta uste dugu Gipuzkoan zehar guk lortu nahi dugun %70eko birziklatze tasa lortzea ahalbidetuko lukeen 5. edukinontzi bidezko sistemak egon badaudela. Zentzu horretan Gipuzkoako hainbat herritako esperientziek argi erakutsi digute organikoaren edukinontziak ere kontrol mekanismo bat izan behar duela (berdin zaigu txip-a, giltza edo beste modu batera, baina zabalik uzteak emaitza kaskarrak ematen dituela esaten dute mankomunitate ezberdinetako datuek).

Bestalde, nahiz eta esan bezala udal gobernuak aurkezten duen proposamenak ez gaituen asetzen, onartzeko prest geundeke betiere 6 hilabeteren buruan %70eko birziklatze tasak lortuko bagenitu. Helburu honetara iritsi ezean EAJk sistema eraginkorragoetara (atez ateko mistoa, 5. edukiontzia txiparekin…) bueltatzeko bermea eman beharko liguke gure babesaren truke.

Kontua akordioa lortzeko borondatea izatea da eta azken asteetako jarrera kontuan izanik (proposamenaren txostenik egin ez, teorian akordiorik gabeko egoera batean soilik egingo litzatekeen herri galdeketarako mekanismo guztiak martxan jarriz eta prentsan EH Bilduren kontrako akusazioak eginez) EAJren aldetik borondaterik ez dagoela ondorioztatzen dugu. Villabonako EAJren asmoa galdeketa egitea bada, esan dezatela argi eta garbi, eta ez dezatela denbora galtzeko soilik balioko duen negoziazio faltsuaren antzerkirik egin.     

Azkenik, oztopoak oztopo, EH Bildutik negoziazioarekin jarraitzeko eta EAJrekin behar den guztietan biltzeko gure prestutasun osoa berretsi nahi dugu. EH Bilduko kideak gogor saiatuko gara herritarrentzat eta baita ingurumenarentzat egokiena den (edo gutxienez atzera urrats handiegia suposatuko ez duen) hondakinak biltzeko sistema bat ezartzeko lanean.

 

Amasa Villabonan, 2015eko abenduaren 15ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!