Villabonako udalak ez du abenduaren 31ko presoen eskubideen aldeko manifestazioarekin bat egin, zergatik?

Aurtengoan ere, beste urte batez, euskal presoen giza eskubideen urraketak salatzeko eta Espainiar eta Frantziar gobernuei dispertsio politika ankerrarekin bukatzeko eta gaixotasun larriak dituzten presoen kaleratzea exijitzeko, manifestazioa izango da abenduaren 31ean Zizurkil eta Villabona artean.

Azken urte luzetan Aiztondo bailarako (Amasa Villabona, Zizurkil, Asteasu, Larraul, Alkiza eta Adunako) udalek egin ohi dute mobilizazio honetarako deialdia. Aurtengoan ordea, deialdi hau ezin izan da udal guztien artean egin, Villabonako udal gobernuak manifestazio honekin bat ez egitea erabaki baitu.

Duela aste batzuk manifestazio honetarako proposatzen zen mezua helarazi zitzaion Ivan Agirre alkateari eta hala nahi izanez gero, mezuan aldaketak egiteko aukera ere eskaini zitzaion, ezberdintasunen gainetik manifestazio bateratua egitea izan baita bultzatzaileen helburua. Villabonako udaleko gobernua gidatzen duen EAJk ordea, ez du horretarako inongo borondaterik agertu eta manifestaziorako aste baten faltan, deialdia ez egitea erabaki zutela jakinarazi zuen Agirrek. Aiztondoko udal guztietako alkatetzei 3 konpromiso eskatu zitzaizkien Aiztondoko presoen eskubideen aldeko mugimendutik: Manifestu bat adostea, manifestaziorako deialdia egiteko prentsaurrekoan parte hartzea eta manifestazio egunean pankartan udaleko ordezkari bat izatea. Villabonako udal gobernuak ez ditu konpromiso hauek bete nahi izan.

Amasa Villabonako EH Bildutik gogor salatu nahi dugu Ivan Agirre alkatearen eta Villabonako EAJren erabaki hau, ez dugu inondik inora ulertzen zein arrazoik bultzatu dituen erabaki hori hartzera eta publikoki azalpenak ematea exijitzen diegu. Amasa Villabonako bost herritar daude momentu honetan espainiar estatuan preso eta beren familia eta lagunek estatuaren dispertsio politika pairatzen dute astero ehunka edo milaka kilometro egitera behartuak direlarik. Amasa billabonatar askok asteburua errepidean pasa behar izaten dute Huelva, Cadiz, Castelló edo Pontevedrara joan eta 40 minutuko bisitak egiteko. Honako hau ez al da nahikoa injustizia Villabonako udalak urtean behin, garai seinalatu hauetan manifestazio deialdi sinple bat egiteko? egoera hau ez al da salagarria Villabonako EAJrentzat? beren legedia betetzeko exijitu, eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen kaleratzea eskatzea ez al da aldarrikapen justua? Pasa den urriaren 17an presoen eskubideen aldeko Aiztondora! egunarekin bat egin zuen Villabonako udalak, zer aldatu da azken bi hilabetetan horrelako ziaboga emateko? zein da orain ia mezu bera duen manifestazioarekin bat ez egitearen benetako arrazoia? Villabonako EAJk azalpen bat zor dio Amasa Villabonako herriari.

Gure ustez Villabonako EAJk sentsibilitate falta izugarria erakutsi du gai honetan eta lotsa eta amorrua sentitzen dugu urte luzetan lehen aldiz, Villabonako udala abenduaren 31ko manifestaziorako deitzaileen artean ez egoteagatik.

Azkenik, Amasa Villabonako EH Bildutik bat egiten dugu Zizurkil, Aduna, Asteasu, Larraul eta Alkizako udal ordezkariek egindako manifestazio deialdiarekin eta amasa billabonatar guztiei bertan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diegu. Ostegunean 19.30ean Joxe Arregi plazan izango gara euskal presoen eskubideen alde kalean, ea behingoz aurtengoa manifestazio hau egin beharreko azken urtean den.  

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!