EH Bilduko batzar irekiak hondakinen bilketa sistema berri baterako akordioa sinatzea erabaki du

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa Villabona 2016ko ots. 3a, 15:04
Atzo arratsaldean Gurea zineko erakusketa aretoan egin zen EH Bilduk deitutako batzar irekian, EAJ-PNVrekin negoziazio mahaian lortutako aurre-akordioa behin betirako onartzea erabaki zen. Batzarra oso parte hartzailea izan zen eta azken erabakia bozka bidez onartu zen: %92ak akordioaren alde egin zuen, %4k kontra eta beste %4k abstentziora jo zuen.

Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik hondakinen bilketa sistema berri bat adosteko prozesuaren balorazio positiboa egiten dugu. Iritzi eta eredu ezberdinak dituzten alderdien arteko elkarrizketa eta negoziazio honek, gora beherak gora behera, borondatea baldin badago akordioetara iristeko aukerak daudela erakutsi digu. EH Bildu koalizioan, negoziaketa prozesu honek herritarren iritziak entzun eta kontuan hartzeko parada eskaini digu eta egindako batzar irekietan parte hartu nahi izan duten herritarrei EH Bilduren ekinbidea zehazteko aukera eskaini diegu, prozesu parte hartzaile aberats bat gauzatuz.

Gure ustez akordio honek Amasa Villabonan gai honen bueltan azken urteetan izandako liskar politiko-mediatikoari amaiera emateko balio behar luke eta EH Bilduko kideok adostutako sistema honek emaitza onak eman ditzan, udal gobernuarekin elkarlanean aritzeko gure prestutasun osoa adierazi nahi dugu.

Adostutako dokumentuan sistema honen emaitzek %70eko birziklatze tasa ematen ez badu neurri zuzentzaileak ezartzeko konpromisoa biltzen du, udal gobernuak honako konpromiso hau hartzea funtsezkoa dela pentsatzen dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!