Kurdistango herriari elkartasuna adierazi eta Turkiar estatuaren errepresioa salatzeko mozioa aurkeztu du EH Bilduk

Amasa Villabonako EH Bilduk aurkeztutako mozioan, Pakize Nayir, Fatma Uyar eta Sêve Demir emakume ekintzaile kurduen hilketa salatzen da eta hilketa politiko hauen salaketa Turkiar estatuari ofizialki jakinaraztea proposatzen da. Mozioa otsailaren 29ko Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko da.

 

Hau da Amasa Villabonako EH Bilduk aurkeztutako dokumentua:

Gure elkartasuna emakume eta herri kurduarekin

2016ko urtarrilaren 8an izan zen Pakize Nayir, Fatma Uyar eta Sêve Demir borrokalari eta burkideen hileta; gobernu turkiarren segurtasun indarrek hil zituzten urtarrilaren 4an Silopin.

Kurdistango emakume erahilak

Pakize Nayir, Fatma Uyar eta Sêve Demir, Turkiar estatu terrorismoak erahilak.

Krimen honek Emakumeen Mundu Martxako kideok bereziki kolpatu gaitu. 2015ean krisiek eta gatazka armatuek ez digute eragotzi mundu guztian zehar gure 4. nazioarteko ekintza antolatzea, baita gatazkak zeuden lekuetan ere, landa eremuetan, periferietan, mendietan, erresistentzian diharduten emakumeak dauden eskualdeetan … Nazioarteko ekintzaren baitan, Karabana feminista europarra Turkian kokatuta dagoen lurralde kurduan hasi zen, bertako emakumeei beren gorputz eta lurraldearekiko autonomia eta autodeterminazioa lortzeko borrokan babesa eta indarra emate aldera. Halaber, emakumeen erresistentziak sistema kapitalista, kolonial eta patriarkalaren aurka eraikitako alternatibak ezagutaraztea zen beste helburua.

2015eko martxoaren 6 eta 7an Turkia eta Siria arteko mugaren bi aldetako eskualdeko milaka emakume Nusaybinen bildu ziren (mugak banatutako hirian), eztabaida, kultur ekitaldi eta manifestazioek osatutako foro batean. Jendarte berri baten eraikuntzan eginkizun garrantzitsua duten emakumeek tokiko komunitateen autodefentsan garatzen dituzten esperientzien berri eman zieten elkarri.

Zoritxarrez, azken aldion turkiar gobernuaren eta herri kurduaren arteko gatazka berriro lehertu da, 2015eko ekainean izan ziren hauteskunde turkiarren ostean bake-elkarrizketek porrot egin baitzuten. Gatazkaren fase berri honen ondorioa ehundaka zibilen heriotza (gehienbat emakume eta haurrak), ehundaka zauritu eta milaka espetxeratu izan da. Udal-batzar herritar kurduek erabaki dute autodefentsa dela lurralde kurduko hirietan estatuko poliziak darabilen bortizkeriari aurre egiteko modua. Herritar gobernuetako 17 alkate espetxeratu dituzte, baita Sara Kaya ere, zeinak Nusaybinen hartu gintuen nazioarteko 4. ekintza zela eta.

Autogobernua aldarrikatu duten hiriei eraso egiten diete; etxeratze agindua ezarri zaie, baita argindarra, ura eta komunikazioak eten ere. Kalean dabilen edonor, haurra, adinekoa, haurdun edo gaixorik dagoen emakumea dela ere, frankotiratzaileek hil egiten dute. Zauriren bat jasoz gero, pertsonek ezin dute medikuarengana jo. Jendeak ezin ditu bere hildakoak ehortzi. Etxeratze aginduak herritarrak etxean bahituta mantentzen ditu, jatekorik ere ez dutela; honek osasun egoera larriagotzen du. Hartara, berezko abortoen kopurua gehitu egin da. Nusaybinen etxeratze agindua zazpi aldiz ezarri dute; azkenak, abenduaren 14an ezarri zenak, indarrean dirau oraindik.

Azkenik, indar polizialek hiru emakume ekintzaile kurdu hil zituzten joan den urtarrilaren 4an Silopin. Euretako bat, Séve Demirr, Emakumeen Mundu Martxaren 4. nazioarteko ekintza hasteko ekitaldien koordinatzailea izan zen.

MOZIOA:

Villabonako udalak ere hilketa politiko hauek salatzea garrantzitsua dela pentsatzen dugu eta turkiar enbaxada eta kontsulatuetara hiru emakume ekintzaile kurduen hilketa gaitzesten duen gutuna bidaltzea eskatzen dugu. Gutun horietan honakoak exijituko zaizkio Turkiar estatuari:

  • Inpunitatearen amaiera eta krimenaren ardura dutenek justiziaren aurrean erantzun dezatela.
  • Ez dezatela ekintzaile politiko, giza-eskubideen defendatzaile eta kazetari gehiago hil.
  • Hiri kurduetan ezarri den etxeratze agindua amai dadila.
  • Turkiar indar militar eta paramilitarrak erretira daitezela hiri kurduetatik.
  • Su-etena eman dadila eta bake-elkarrizketak berriro hasi daitezela.
  • Pertsonek, baina batez ere emakumeek, pairatzen dituzten abusu, irain eta tratu txarrak behin betirako amai daitezela.

kurdistan

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!