Elkartasunari deia, XIX. merkatu txikian

Laskorain Ikastolako hezkuntza komunitateak abian jarri du merkatu txika, hemeretzigarren aldiz, "gure inguruko eta kanpoko giza beharrez jabetu, kontzientzia zabaldu eta neurri batean ekonomikoki laguntzeko asmoz". Jantziak, tresnak eta altzariak lortzeko aukera izango da, besteak beste.

Abenduaren 26tik urtarrilaren 5era bitarte zabalik izango da Tolosako Kultur etxean, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. 

Merkatu Txikia ikasleekin elkartasunaren balorea lantzeko ekimenetako bat da. Gazte horiek izango dira ondorengo urteetan gizartearen norabidearen nondik norakoa marraztuko dutenak eta horretarako beraien heziketa prozesuan errealitatearen ikuspegi gizatiarra eta soziala barneratzea garrantzitsua da.

Laguntza bat, Irrifarre bat lelopean landuko ditugun gaien bitartez, gure ikasleen balioak, jarrerak, emozioak eta jarrerak poliki-poliki hobera aldatzeko da ekimenaren helburua. “Norbera izaten ikasi” eta “elkarrekin bizitzen ikasi” konpetentziekin loturiko balio hauek landuko ditugu: errespetua gauzei, pertsonei eta ideiei; norbanakoaren eta gizartearen giza eskubideak; gatazkak era baketsuan konpontzeko elkarrizketa; esku-hartzea ez ezik, gizarte justuago, parekideago eta solidarioagoa eraikitzeko elkarren arteko ardura eta konpromisoa; are gehiago gaur egun bizi dugun krisi egoeran.

Aurten Merkatu txikian ateratzen den diruarekin bi proiektuen jarraipena bultzatu nahi dugu: Ibarratik Misio Taldea eta Tolosaldea Sahararekin Gobernuz Kanpoko Erakundeek aurkeztutakoak. Merkatu Txikian soberan gelditzen dena, Saharara eta Emausera bidaliko dugu.

Aurreko urteetan tolosarrengandik jaso dugun laguntza, eskuzabaltasuna eta esker ona aurten ere jasoko dugulakoan gaude. Horretarako tolosar orori eta bereziki dendariei, tabernariei, finantza erakundeei elkartasunerako deia egiten diegu, Laguntza bat, irrifarre bat leloarekin bat egin dezaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!